Prentsa oharrak - 2022ko urtarrilaren 31an, astelehena
Berak irudikatzen zuen lanbidearen onena. Asmo ugari zituen: ikusaraztea arkitektoak gizartearen zerbitzura daudela eta giza jardueren habitata sortzeko ardura dutela; etxebizitza eskuragarria eta erosoa bultzatzea, hiri eder eta funtzionalekin; eta kalitatezko arkitektura sustatzea eta babestea, dituen erantzukizunei helduta. Belaunaldi gazteen indarrean sinesten zuen. Arkitektura interes orokorreko ondasun gisa aitortzearen alde lan egin zuen, Arkitekturaren Kalitateari buruzko Legearen garapena babestuz, besteak beste. Lege hori lege-proiektu gisa onartu zen Ministroen Kontseiluan, eta gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari da. Bere agintepean, CSCAEren hautagaitzak lortu zuen etxebizitza duin eta egokiari buruzko Arkitektoen Nazioarteko Batasunaren (UIA) 2022ko Foroa Madrilen ospatzea, baita UIAren 2026ko Kongresua ere, Bartzelona Arkitekturaren munduko hiriburu izendatuz.
Gure lanbidea bakarra, bizia eta integrala zela ulertzen zuen, arkitekturak barne hartzen dituelako sorkuntza, teknika eta humanismoa; hau da, arkitekturak ardura osoa bere gain hartzen duelako.
Gure lehendakariaren heriotza galera handia da. Lanbidearen onena ordezkatzen zuen arkitektoa.
Patxi Chocarro
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Dekanoa
Prentsa oharrak - 2021ko urriaren 29an, ostirala
▪ Gaur goizean aurkeztu da D 'Museoan. Bertan, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatuta, bihartik azaroaren 30era arte egongo da zabalik.
▪ Erakusketak Luis Laorga eta Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoen lana nabarmentzen du, eta Gipuzkoako XX. mendeko sare artistikoaren eraikuntzan izan duen papera balioesten ditu.
▪ ‘Arantzazu, 70 urte’ ekimenaren inguruan hainbat jarduera antolatu dira, tartean hitzaldi bat eta tailer bat egongo dira.
▪ Gaur arratsaldean inaugurazio mahai-ingurua egingo da Euskadiko Arkitektura Institutuan.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak ‘Arantzazu, 70 urte’ erakusketa aurkeztu du gaur, ostirala, hilak 29, Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan. Donostiako Alde Zaharrean kokatuta dagoen D 'Museoan instalatuta dago erakusketa, eta azaroaren 30era arte bisitatu ahal izango da.
Erakusketaren helburu orokorra Enrique Laorga eta Francisco Javier Sáenz de Oizaren arkitekturari errekonozimendua ematea da, Gipuzkoako XX. mendeko talde artistiko adierazgarrienaren bultzatzaile gisa. Aurkezpenean parte hartu dute Edorta Kortadi D 'Museoko zuzendariak, José Ángel Medina Murua Mugak/- Bienalaren komisarioak eta Juana Otxoa-Errarte EHAEOko lehendakariak. Bertan izan dira halaber, Carmiña Dovale, Álvaro E. Olaiz, Emilio Varela, Estanislao Fernández eta Víctor Aspe komisarioak. Era berean, Enrique Arenas Laorga arkitektoa eta Luis Laorgaren biloba eta Jokin Lizasoain arkitekto eta ikertzailea izan dira. Horiek guztiek mahai-inguru batean parte hartuko dute gaur arratsaldean, 18: 00etan, Euskadiko Arkitektura Institutuan, inaugurazioa dela eta. Bertan, Marisa Sáenz Guerra arkitektoak eta Francisco Javier Sáenz de Oizaren alabak ere parte hartuko dute.
Obra monumental baten memoria
Arantzazuko Basilikaren 70. urteurrena ospatzen da aurten, eta horregatik antolatzen du erakusketa EHAEOak. Abiapuntua EHAEOren artxiboan zegoen jatorrizko egikaritze-proiektuaren kopia izan da. Memorian bertan aipatzen den bezala, “dokumentu hori 1950. urtean Luis Laorga eta Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoek irabazitako lehiaketara aurkeztu zen aurreproiektuaren garapena da”.
Jatorrizko planoen eta erakusten den memoriaren bidez, erakusketa bisitatzen dutenek arkitektoek obra hau proiektatzeko orduan nola pentsatzen eta sentitzen zuten ezagutuko dute, baita gainerako aktore protagonistekiko harremana nolakoa izan zen ere: frantziskotar sustatzaileak, margolariak, eskultoreak eta arkitekto teknikoak. Erakusketak zati birtual bat ere badu, Oñatira bidaiatzeko eta basilika hainbat angelutatik ikusteko. Erakusketa azaroaren 30era arte bisitatu ahal izango da D 'Museoan ondorengo ordutegian: 10:30etatik 14:30etara eta 17:00etatik 19:00etara (larunbatetan 18:00ak arte) eta igandeetan 13:30etatik 19: 00etara.
Erakusketa egiteko, birziklagarriak diren paperezko eta kartoizko materialak erabili dira. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura sailak eta D 'Museoak utzitako hainbat beira-arasa eta erakustoki kustomizatu dira, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.
Ekintza osagarriak
Erakusketarekin batera, beste jarduera batzuk egingo dira: zehazki, hiru hitzaldi eta tailer bat, Euskadiko Arkitektura Institutuan. Azaroaren 17an, Felix Maraña historialari eta kazetariak ‘Poesia eta poetak, Arantzazuko beste arkitektoak’ hitzaldia eskainiko du. Azaroaren 18an, Elena Martinen txanda izango da, Arte Ederretan doktorea eta Oteiza eta Arantzazuri buruzko tesi baten egilea. ‘Oteiza Arantzazun: helburu estetiko, erlijioso, sinboliko eta soziala’ hitzaldia emango du. Azaroaren 19an Javier González de Durana historialari eta Arte Ederretako aholkulariak ‘Arantzazu: arkitektura, mitoa eta politika’ hitzaldia emango du. Hitzaldi guztiak 18: 00etan hasiko dira eta bakoitzaren ondoren, Carmiña Dovale arkitekto eta erakusketaren komisarioak moderatutako mahai-inguru bat egongo da. Azkenik, azaroaren 20an, ‘Arantzan...Zu?’ tailerra egingo da, Maushausen eskutik. Jarduera horiek guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman behar da, webgunean adierazten den bezala.
Prentsa oharrak - 2021ko urriaren 28an, osteguna
Bihar, urriak 29, ostirala, ‘Arantzazu 70 urte’ erakusketa irekiko da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Mugak/ Bienalaren barne antolatuta. Donostiako Alde Zaharreko D’Museoan dago instalatuta eta arkitekturaren garrantzia aldarrikatzen du, XX. mendeko Gipuzkoako multzo artistiko adierazgarrienetako baten motor gisa, Arantzazuko Andre Mariaren Basilika.
Data |
Urriak 29, ostirala |
Ordua |
12:00 |
Parte-hartzaileak |
Edorta Kortadi. D’Museoaren zuzendaria. José Ángel Medina Murua. Mugak/ 2021en komisarioa. Juana Otxoa-Errarte. EHAEOren Gipuzkoako delegaritzaren lehendakaria. Carmiña Dovale. Erakusketaren komisarioetako bat. |
Lekua |
D’museoa (Elizbarrutiaren Museo ohia). 31 de Agosto kalea, 46 (Donostiako Alde Zaharra) |
Prentsa oharrak - 2021ko irailaren 30an, osteguna
Ondare irisgarri eta inklusiboa lemapean Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak erakusketa bat eta bisita gidatu bat antolatu ditu igande honetarako. Ondare atariak, irisgarri eta inklusiboak? izenburua duen ekimen honetako parte hartzailek, Donostiako atari entzutetsuenen xehetasunak ezaguzeko aukera izango dute. 10:00etan eta 12:00etan egingo dira ekintzak eta Juana Otxoa-Errarte Gipuzkoako EHAEOeko presidenteak, Juan Martín Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeko zuzendariak eta batzorde bereko kideek parte hartuko dute.
Bisita gidatuak 10:00etan aterako dira Gipuzkoako EHAEOren egoitzatik (Frantzia pasealekua, 11 – Donostia), eta Ondarean batzordeko kideek egingo dituzte gida lanak. 12:00etan, erakusketaren inaugurazioa egingo da Gipuzkoako EHAEOren presidenteaaren eta Ondarearen batzordeko zuzendariaren parte-hartzearekin. Erakusketa urriak 27 arte egongo da ikusgai Gipuzkoako EHAEOean honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 15:00etara.
Jardunaldi hauek herritar guztientzako dira eta parte hartzea doakoa da, baina ezinbestekoa da aurretik izena ematea Gipuzkoako EHAEOren wegunean, lekuak mugatuak baitira.
Ekintza honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Saileko laguntza du.
Informazio gehiago edota elkarrizketa bat nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremaneta:
Raquel López Viña
Komunikazio Saila | Gipuzkoako EHAEO
Tel. 943 320 194 / 629 855 934
komunikazioa@coavngipuzkoa.eus
Prentsa oharrak - 2021ko irailaren 29an, asteazkena
Urtero legez, urriko lehen astelehenean Arkitekturaren Mundu Eguna ospatzen da. Hori horrela, Gipuzkoako EHAEOak eraikinen birgaitzea eta hiri berroneratzearen garrantzia azpimarratzeko helburua duen egitarau bat prestatu du, Europatik egin den apustu bera Next Generation EU funtsekin. Horretarako, urriaren 4rako bisita gidatu bat antolatu du Otxarkoaga (Bilbo) eta Txontako (Eibar) Opengeletara, eraikinen birgaitze prozesu osoan zehar auzokideei lagunduko dien auzo-bulegoak ezagutzeko. Bi egun beranduago, DOCOMOMO plaka bat ezarriko da berriki birgaitu den Donostiako Portu Eraikinean (Portaviones), Luis Tolosarena eta Mugimendu Modernoaren Arkitekturaren adibide esanguratsua. Jarduera hauek arkitekto zein publiko orokorrarentzat daude pentsatuak. Parte hartzea doakoa izango da, baina aurretik izena ematea ezinbestekoa da Gipuzkoako EHAEOren webgunean.
Gipuzkoako EHAEOren ospakizunak urriaren 4an bertan hasiko dira, Donostiatik abiatuta, Bilbora eta Eibarrera autobusez egingo den txango batekin. Lehen helmuga Bilboko Otxarkoaga auzoa izango da. Bertan, Ignacio de la Puerta Eusko Jaurlaritzako de Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda saileko zuzendariak eta Claudia Pennese Gipuzkoako EHAEOren Kultura batzordekideak ongietorria emango die parte hartzaileei, eta Opengela europar proiektua zertan datzan azalduko dute. Europa Batzordeko Horizon 2020 programaren finantzazioarekin, proiektu honen helburua da hiri-berroneratzea Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzea, auzo-bulegoak sortuz. Horrela, auzokideek euren eraikinen birgaitzearekin zerikusia duen edozein kudeaketa bulego horien bitartez egin ahal izango dute. Proiektuaren aurkezpena eta gaur egun abian dauden lau Opengelen (Otxarkoga Bilbon, Txonta Eibarren, Amaroz Durango eta Basaundi Lasarte-Orian) azalpenaren ondoren, bisita gidatu bat egingo da Otxarkoagan zehar. Segidan, mokadutxo baten ondoren antolatzaileen eskutik, Eibarrera joango dira parte-hartzaileak Txontako Opengela ezagutzera.
Bestalde, urriaren 6an Gipuzkoako EHAEOak DOCOMOMO plaka bat ezarriko du Donostiako Portu Eraikinean (Portaviones), Luis Tolosa Amilibiliak 1943an egin zuena. Eraikin hau, duela gutxi berritua izan zena, 1925 eta 1965 urteen artean eman zen Mugimendu Modernoaren arkitekturan kokatzen da. Plaka ezartzearen inguruko jarduerak 17:15ean hasiko dira Euskadiko Arkitektura Institutoan ongietorriarekin eta Tomas Valencianok (VAUMM arkitektura eta hirigintza) esku-hartzearen inguran eskainiko duen azalpen txiki batekin.18:00etan, Portu Eraikineko ekintzak hasiko dira eta pertsona hauek hartuko dute parte: Juana Otxoa-Errarte, Gipuzkoako EHAEOren presidentea; Edurne Egaña. EKP-Euskadiko Kirol Portuaren zuzendaria; Jon Chávarri, arkitektoa eta Donostiako Udaleko Hirigintza Sostengagarriko zuzendaria; Miren Garmendia, Arrantzaleen kofradiako kidea; Ana Azpiri, historialaria eta Luis Tolosaren biografiaren koordinatzailea; Luis Tolosaren familiartekoak eta Alde Zaharrean bizi elkarteko kideak. 19:45ean amaiera emango zaio ekitaldiari.
Prentsa oharrak - 2021ko irailaren 20an, astelehena
Europako Batzordeak “Europako Bauhaus Berriaren Sariak” eta “Europako Bauhaus Berriaren Izar Berriak” sarien 20 irabazleak iragarri ditu gaur. Sariak hamar kategoriatan banatu dira, aurrez hautatutako hirurogei proiektuen artean, eta Donostiako “Ulia lorategia” proiektuak irabazi du “biltzeko eta partekatzeko berrasmatutako lekuak” kategoriako saria. “Diseinu gradua. Nafarroako Unibertsitatea” proiektuak ere saria lortu du “diziplinarteko hezkuntza ereduak” kategorian.
Sari horiek Europako Bauhaus Berriaren balioak erakusten dituzten jardunbide egokiak eta kontzeptuak saritzen eta sustatzen dituzte, jasangarritasuna, estetika eta inklusioa, hain zuzen ere. Banaketa ekitaldia Bruselan egin zen, Europako Bauhaus Berriari buruzko Komunikazio bat onartu eta egun batera.
Estatuko sei proiektuk lortu dituzte Europako Bauhaus Berriaren Sarien lehen edizioko sariak, irabazle bakoitzari 30.000 euroko saria eta komunikazio-lanetarako laguntza-pakete bat emanez.
Horrela, Estatuko saridunak hauek izan dira: Donostiako “Uliako lorategia”, “Biltzeko eta partekatzeko berrasmatutako lekuak” kategorian; “Diseinu gradua. Nafarroako Unibertsitatea”, “Diziplinarteko hezkuntza-ereduak” kategorian; Sevillako “Jardines en el aire” proiektua, “Espiritu zirkularra duten eraikin berrituak” kategorian; Los Santos de Maimonako (Extremadura) “LaFábrika de toda la vida”, “Oneratutako hiri- eta landa-eremuak” kategorian; Bartzelonako “Azotea de Xifré: Jardín silvestre flotante” “Kultur ondare kontserbatu eta eraldatua” kategorian; eta “Aprop Ciutat Vella”, “Bizitza-soluzio modularrak, moldagarriak eta mugikorrak” kategorian.
Europako Bauhaus Berriko Izar Berriak
30 urtetik beherako gazteek garuzatutako kontzeptuak eta ideiak aintzatesten dituzten proiektuen artean, hauek izan dira sarituak: “Paisaia itxi batean bizitzea”, “Eraikuntzako eta diseinuko teknika, material eta prozesuak” kategorian; “Nest”, “Eraikitako ingurunearen eta naturaren baterako bilakaerarako soluzioak” kategorian; eta “Herritarrak hiriekin birkonektatzeko espazioak”, “Kulturaren, arteen eta komunitateen mobilizazioa” kategorian.
Prentsa oharrak - 2021ko uztailaren 26an, astelehena
Eraikuntzak, beste sektore askok bezala, Covid-19ak sortutako osasun, gizarte eta ekonomia arloetako krisiaren ondorioak jasan ditu. Hala ere, urte zail baten ondoren, 2021eko bigarren hiruhilekoko datuek sektorearen susperraldia berresten dute, pandemiaren aurreko jarduera-mailetara itzultzen ari baita. Euskadik eta Nafarroak bat egin dute joera horrekin, apirila eta ekaina bitartean 8.586.429 metro koadro ikus-onetsi baitziren, 2019ko epe berean baino % 1,66 gehiago.
Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren (CSCAE) arabera, datuek erakusten dute sektoreak erritmo eta itxaropen onak dituela, eta EBk Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana behin betiko onartu izanak ere badu horretan zerikusia. Hainbat aldiz ohartarazi den bezala, erronka nagusia birgaitzea da, eta energia-eraginkortasunari, irisgarritasunari, funtzionaltasunari eta kontserbazioari dagokienez eraikitako parkeak behar duen 'berrikuntzaren olatua' sustatzeko beharrezko pizgarria izan daiteke. Birgaitze handiaren behin betiko bultzada izango diren Next Generation funtsekin batera, hori izango da eraikitako parkea egungo erronketara egokitu, modernizatu eta jasangarriagoa egin ahal izango duen bakarra.
Obra berrian ez bezala, birgaitzeko ikus-onespenak beherakada moderatua izan zuen 2020an, eta, 2021. urtea hasi zenetik, gora egin du etengabe. Euskadin eta Nafarroan, etxebizitzak eta bestelakoak birgaitzeko ikus-onetsitako azaleraren hazkundea esponentziala izan da urteko bigarren hiruhilekoan. Datuen arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan % 0,2 igo zen 2019ko aldi berarekin alderatuta, eta apiriletik ekainera bitartean % 23,92 hazi da, joera hori berretsiz.
Era berean, etxebizitzen birgaitzetan ikus-onetsitako azalera % 24,36 handitu da bigarren hiruhilekoan, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Guztira, 825.469 metro koadro ikus-onetsi dira, eta pandemiaren aurreko urteko apirila eta ekaina bitartean 663.795. Etxebizitzakoa ez den birgaitutako azaleraren kasuan, datuak are gehiago hobetu dira, % 23,57ko igoerarekin, ikus-onetsitako 1.012.374 metro koadrorekin, jarduera hori eragiketa puntualek zehazten duten arren. Beraz, ez dute joerarik markatzeko balio.
Etxebizitzak eta bestelakoak birgaitzeko ikus-onetsitako azalerari dagokionez, datuek erakusten dute 2019ko aldi berarekin alderatuta urteko lehen hiruhilekoan erregistratutako beherakada (-% 17,58) moteldu egin dela. Apirila eta ekaina bitartean, beherakada % 3,08koa izan da, eta horrek sektorearen susperraldi globala egiaztatzen du.
Etxebizitza erabilerarako obra berrian ikus-onetsitako azalerak 2019ko mailak berreskuratu ditu, baina pandemiaren aurreko urteko bigarren hiruhilekoan baino % 2,52 beherago dago oraindik. Aldi horretan, 4,93 milioi metro koadro ikus-onetsi dira. Etxebizitzakoa ez den obra berriaren ikus-onetsitako azalerak egonkortzera jo du apirila eta ekaina bitartean, 1,8 milioi metro koadro ikus-onetsiz (-% 4,59 2019ko aldi berarekin alderatuta).
Prentsa oharrak - 2021ko uztailaren 01an, osteguna
Asteartean Mies van der Rohe Pabiloiak “Arkitektura eta Hirigintza Obren Panorama” kategoriako sarien banaketa ekitaldia jaso zuen, Espainiako Arkitektura eta Hirigintzako XV. Biurtekoaren (BEAU) barruan. Sari horiek, azken hiru urteetako (2018-2020) arkitekturaren eta hirigintzaren alderdi garrantzitsuenak saritzen dituzte, eta Gipuzkoako bi arkitektura estudio daude sarituen artean, Paisaje Transversal eta BeSTe, hain zuzen ere.
Guztira, 600 proposamen inguru eta 70 finalista izan dituen deialdi honetan 20 proiektu saritu ziren. XV BEAUko komisario taldearen hitzetan, kalitate, egokitasun, bokazio sozial eta kultural edo berrikuntza irizpideen arabera aukeratutako Gipuzkoako bi proposamenak, “ez dira bakarrik profesional askoren lan arkitektoniko, paisajistiko eta urbanistiko bikaina, gure herrialdeko arkitekturaren egungo egoera bikaina ere erakusten dute”.
Saritutako proiektuak “Pam!”. Amara Berri. Amara Berriko espazio publikoa hobetzeko ekintzen plana”, Paisaje Transversal arkitektura estudioarena, eta “Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Campuseko Dorleta eraikina eraberritu eta handitzea”, BeSTe arkitektura estudioko Ibon Salaberriarena eta Itziar Imazena izan dira. Gainera, Ocamica Tudanca Arquitectos osatzen duten euskal arkitektoek “Mansilla Mayorreko plaza berria (Leon)” lanarengatik jaso zuten saria.
Sarituak izatetik oso gertu geratu dira finalista gisa hautatu zituzten beste bi euskal proiektu ere: Pereda Pérez Arquitectos-en familia bakarreko etxebizitza Eguesibarrean (Nafarroa) eta Jordi Hidalgo Tané arkitektoaren Landaburu Borda (Nafarroa).
‘Obren Panorama' Epaimahaia
Iñaqui Carnicero Hiri Agenda eta Arkitektura zuzendari nagusiarekin, Marta Vall-Llossera CSCAEko lehen presidenteordearekin eta Naiara Montero arkitektoa eta Arquia Fundazioko patroiarekin batera beste profesional garrantzitsu batzuk elkartu dira, Stephen Bates, Véronique Patteeuw, Maria Castrillo, Carmen Moreno eta Alberto Veiga, besteak beste.
Informazio gehiago nahi baduzu, edota arkitekto edota zuzendaritza batzordeko kideren batekin elkarrizketa bat hitzartu, jarri zaitez gurekin harremanetan:
Komunikazio saila
comunicacion@coanvss.org
telf.: 943 320 194
Gipuzkoako EHAEO
Frantzia pasealekua, 11
20012 Donostia-San Sebastián