Gipuzkoako arkitektoak
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa Gipuzkoan

Prentsa oharrak


Bruno Sauer GBCeko zuzendariak arkitekturak etorkizun jasangarrirako trantsizioan duen papera aztertuko du Donostian

Prentsa oharrak - 2025ko urriaren 21an, asteartea

  • Hitzaldia datorren ostegunean izango da, 18:00etan, Miramar Jauregian, eta sarrera doakoa izango da


Bruno Sauer, Green Building Council Españako (GBCe) zuzendari nagusia, Donostian izango da datorren ostegunean (urriak 23), eta Etorkizuneko arkitektura: errealitate jasangarri baterantz hitzaldia eskainiko du. Hitzordua Miramar Jauregian izango da eta 18:00etan hasita. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Topaketa hau Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako Jasangarritasun Batzordeak eta Donostia Sustanibilityk antolatu dute, Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren Off Mugak programaren barruan.

Krisialdi klimatikoa, baliabideen eskasia eta desberdintasun sozial gero eta handiagoa nagusi diren testuinguru honetan, arkitekturak etorkizun bidezkoago eta jasangarriago baten eraikuntzan betetzen duen papera birpentsatzera gonbidatuko du hitzaldiak. “Erosotasuna jada ezin da termino termikoetan edo estetikoetan bakarrik ulertu. Gaur egun, soziala, inklusiboa, irisgarria eta, batez ere, jasangarria izan behar du”, nabarmentzen du Bruno Sauerrek. GBCeko zuzendariak ohartarazi nahi du gaur egungo arkitekturaren zati handi batean oraindik dauden eredu zaharkituak gainditu behar direla, planetaren eta pertsonen benetako beharrei erantzungo dieten irtenbideetarantz aurrera egiteko. “Kontua ez da eraikitzea bakarrik: eraldatzea da kontua”, defendatzen du Sauerrek.  

Duela 15 urte baino gehiagotik, GBCe ingurune eraiki osasungarriago eta jasangarriago baterako trantsizioaren buru da Espainian, eta horretarako, profesionalen, enpresen eta erakundeen arteko ekintza asmo eta eraginarekin sustatzen duten tresnak, ezagutza eta aliantzak sustatzen ditu.  

Hitzordua aukera paregabea da arkitektura aldaketaren eragile nola bihur daitekeen hausnartzeko, gure garaiko ingurumen- eta gizarte-erronka handiei erantzuteko behar den eraldaketaren buru izango baita.

 

GBCeri buruz

Green Building Council España (GBCe) da Espainian eraikuntza-sektorea eredu jasangarriago, bidezkoago eta osasungarriago baterantz eraldatzea bultzatzen duen erakunde nagusia. 2009an sortu zen GBCe, World Green Building Council nazioarteko sareko kidea da, eta pertsonen eta planetaren bizi-kalitatea hobetuko duen ingurune eraiki bat sustatzeko lan egiten du. 

 


 

 

Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

Raquel López Viña

Komunikazio Saila | EHAEO Gipuzkoa

komunikazioa@coavngipuzkoa.eus

T. 943 320 194 / 649 107 123

www.coavnss.org

 

Gipuzkoako EHAEOak Donostiako Eduardo Lagarderen bi etxeetan DOCOMOMO plakak jarrita inauguratuko Arkitekturaren Mundu Eguna

Prentsa oharrak - 2025ko urriaren 03an, ostirala

  • Aitortza-ekitaldia urriaren 6an izango da, 12:00etan, Conchita eta Emilia etxeak dauden eraikinean, Ondarretan

  • Hilabete osoan zehar eta ospakizun honen harira, doako hainbat bisita gidatu izango dira

Urtero legez, urriaren lehenengo astelehenean Arkitekturaren Mundu Eguna ospatzen da eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzaren ondarearen batzordeak ez du huts egin nahi izan. Egun horretan bertan, 12:00etan, bi DOCOMOMO plaka jarriko ditu Donostiako Ondarreta auzoan dauden Eduardo Lagarderen etxe banatan: Villa Conchita eta Villa Emilia. Egun honen inguruko programazioak hilabete osoan zehar jarraituko du, doako hiru bisita gidaturekin: urriaren 18an Irungo Oteiza eta Basterretxearen etxe-tailerraren kanpoaldea bisitatuko da; urriaren 25ean Eibarko bizikleta-fabrikak bisitatuko dira, eta urriaren 29an Donostiako Artzain Onaren katedrala bisitatuko da.

2025eko Arkitekturaren Mundu Egunaren programazioa urriaren 6an hasiko da, 12:00etan, Villa Conchita eta Villa Emilia hartzen dituen eraikinean bi DOCOMOMO plaka jarriz. Eduardo Lagarderen lana da, eta 1932 eta 1934 artean eraiki zen. Gipuzkoako hiriburuko Ondarreta auzoan (Infante don Jaime kalea) kokatuta dagoen eraikin hau, 1925 eta 1965 artean eman zen Mugimendu Modernoaren adibide argia da. Aitortza ekitaldian, honako hauek hartuko dute parte: Edurne Aperribay, Gipuzkoako EHAEOren lehendakaria; Estanislao Fernández, Ondarearen batzordeko kidea; Eduardo Lagarderen senitartekoak eta Ana Azpiri, Historian doktorea Mugimendu Modernoaren txalet bat izeneko hitzaldia eskainiko duena. Ekitaldia amaitzeko, Poetika elkarteak egun horretarako berariaz prestatutako emanaldi bat eskainiko du. Parte-hartzea doakoa da, baina antolatzaileek aldez aurretik izena ematea eskertzen dute, Gipuzkoa EHAEOren webgunean dagoen formularioaren bidez.

DOCOMOMO fundazioa ‑Documentation and Conservation of building, sites and neighbourhoods of the Modern Movement (Mugimendu Modernoaren eraikin, ingurune eta auzoen dokumentazioa eta kontserbazioa)‑ 1990ean sortutako nazioarteko erakundea da, eta XX. mendeko ondare arkitektoniko modernoa inbentariatu, zabaldu eta babestea du helburu. Gipuzkoako EHAEOa fundazio honen laguntzaile aktiboa da. Horregatik, eta Gipuzkoako Mugimendu Modernoaren arkitekturari balioa emateko, egiten du lan erakunde honekin.

Bisita komentatua Oteiza eta Basterretxea etxe-tailerrean

Mugimendu Modernoaren arkitektura herritarren artean zabaltzen jarraitzeko asmoz, Gipuzkoako EHAEOk beste bi jardueratan parte hartu du. Lehenengoa urriaren 18an izango da, 11:00etan, Irungo Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen etxe-tailer historikoaren inguruan. 1956an eraiki zuen Luis Vallet de Montano arkitektoak, eta duela gutxi erosi du Irungo Udalak. 1957 eta 1974 urteen artean bi artistek bizi eta lan egin zuten gune hau, euskal kultur berrikuntzan giltzarri izan ziren GAUR, Frontera Films eta Ez Dok Amairu bezalako kolektiboek bultzatu zuten sormen gunea izan zen. Eraikina berreskuratzeko ekintza publikoa egingo da, manifestu bat irakurriko da eta bisita komentatua egingo da etxe-tailerraren kanpoaldetik.

Eraikina DOCOMOMO plakarekin aintzatetsi zen 2020an Gipuzkoako EHAEOren ekimenez, bere balio arkitektonikoagatik, baina orduan ezin izan zen jarri eraikinaren egoeragatik.

Jarduera CTOB-TEOB Grupo Casa-Taller Oteiza/Basterretxea eta AHIKU erakundeek antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzaren laguntzarekin. Parte-hartzea doakoa da eta herritar guztiei dago zabalik, baina aurretiko izen-ematea eskertzen da.  

Eibar: Bizikletaren arkitektura

Hurrengo jarduera Eibarren izango da, urriaren 25ean, bi bisita gidaturekin, Joseba Aranzabal arkitektoaren eskutik, non mugimendu modernoak protagonismo berezia hartzen duen. Eibar ezaguna da armagintzan izan zuen iraganagatik, baina 1920ko krisiaren ondoren industria berri bat jaio zen, hiria eraldatu zuena: bizikleten fabrikazioa. ORBEA, GAC, BH, ABELUX, CIL, GAMMA, ZEUS edo ECHASA markek arrastoa utzi zuten tokiko arkitekturan eta hirigintzan, gaur egun oraindik nabaria dena.

Jarduera hau Eibarko Udalak antolatu du, Gipuzkoako EHAEOren laguntzarekin, eta interesa duten pertsonek izena eman ahal izango dute 11:00etako bisitan (gaztelaniaz) edo 12:30ekoan (euskaraz). Topagunea Eibarko Coliseo Antzokia izango da.

Hiru jarduera horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondarearen Europako Jardunaldien programaren parte ere badira.

Artzai onaren katedralera bisita

2025eko Arkitekturaren Mundu Egunaren programazioarekin amaitzeko, Donostiako Artzain Onaren Katedralera bisita gidatua antolatu da, Aitor Zubia Azkue arkitektoaren eskutik.

Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoaren egoitzan hasiko da jarduera, sarrera-hitzaldi batekin. Ondoren, bertaratutakoak Artzain Onaren Katedralera joango dira, bertako espazioetan ibili eta zaharberritze berriaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Bisita amaitzeko, kanpandorrera igo eta hiriaren panoramikaz gozatzeko aukera izango da. Bisita interesa duten pertsona guztiei irekita dago, baina edukia teknikoa izango da.

Parte-hartzea doakoa da, baina gehienez 15 lagunentzako lekua dago. Beraz, plaza baino izen-emate gehiago egonez gero, zozketa egingo da. Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da.  

 


 

Informazio gehiago jasotzeko edo elkarrizketaren bat hitzartzeko, jarri gurekin harremanetan:

Raquel López Viña

Komunikazio saila | EHAEOGipuzkoa

Tel.: 943 320 194 / 649 107 123

komunikazioa@coavngipuzkoa.eus | www.coavnss.org

 

 

Gipuzkoako EHAEOk Donostiako etorkizuneko hiriguneari buruzko jardunaldia antolatu du, Easoko trenbide-zabaltzea ardatz izango duena

Prentsa oharrak - 2025ko irailaren 24an, asteazkena

  • Topaketa bihar, irailaren 25ean, izango da, 18:00etan, EHUren Donostiako Arkitektura Eskolan, eta Sonia Puente Landázurik eta Enrique Ponte Ordoquik hartuko dute parte
  • Sarrera doakoa izango da eta herritar guztientzat irekita dago, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea

 

Donostian, 2025eko irailaren 24an

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura Batzordeak Gipuzkoako lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldi berri bat antolatu du, Amara-Easo: Donostiako aukera izenburupean. Topaketa, mahai-inguru formatuan, bihar, osteguna (irailak 25), izango da, 18:00etan, UPV/EHUren Donostiako Arkitektura Eskolan. Horretarako, gaian adituak diren Sonia Puente Landázuri eta Enrique Ponte Ordoqui izango dira hizlari, eta moderatzaile lanetan Ezekiel Collantes arkitektoa arituko da. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztientzat irekita dago, baina lekuak mugatuak dira, beraz, aldez aurretik izena eman behar da Gipuzkoako EHAEOren webgunean. Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolaren babesa du.

Trenbideak Donostiako erdigunean lurperatzeak, hiriko paisaia eraldatzeaz gain, hiria birpentsatzeko aukera paregabea ere emango du. Jardunaldi honek espazio aske hori —orain arte zonaldeen arteko banantze-elementu bat— eta hiriaren etorkizunerako ekar dezakeen guztia ditu ardatz.

Gaurkotasun osoa duen gaia, gako garrantzitsuenak mahai gainean jarri nahi dituena, beste testuinguru batzuetara estrapola daitezkeenak eta hausnarketa sakon eta kolektiboa egitera bultzatzen dutenak.

Honen guztiaren inguruan solasean arituko dira Sonia Puente Landázuri eta Enrique Ponte Ordoqui aste honetan, Ezekiel Collantesek moderatuko duen mahai-inguruan. 

Datozen jardunaldiak

Gipuzkoako EHAEO 2022. urtearen amaieran antolatzen hasi zen lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldien 2025eko azkenaurreko topaketa da hau. Aurtengo edizioko lehen topaketa martxoan izan zen, Zarautzen, eta kostaldeko hiriek klima-aldaketaren aurrean dituzten erronken ingurukoa izan zen. Ondoren, izenburu bera izan zuten bi topaketa egin ziren: Hiri eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035, bata ordezkari politikoekin eta bestea hirigile adituekin, Donostian. 

2025eko zikloa azaroan itxiko da, Hondarribian egingo den Turismoa eta hiriari buruzko jardunaldi batekin. Jardunaldiak egin ondoren, YouTubeko gure kanalean ikus daitezke.

 


 

Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

Raquel López
Komunikazio saila · Gipuzkoako EHAEO
T. 943 320 194 · H. el.: komunikazioa@coavngipuzkoa.eus

Abian da Gipuzkoan ekimen jasangarriak aitortzen dituen GJH Sarien laugarren edizioa

Prentsa oharrak - 2025ko ekainaren 30an, astelehena

Auzoetan eta komunitateetan eragin positiboa duten gizarte- eta ingurumen-proiektuak nabarmendu eta ikusaraziko ditu lehiaketak

Gipuzkoako EHAEOko Jasangarritasun Batzordeak, Habic-en laguntzarekin, laugarrenez jarri ditu martxan GJH Sariak: Hiri eta Komunitate Jasangarriak, Gipuzkoan proiektu eraldatzaileak ikusarazi eta saritzeko helburuarekin. Zehazki, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak barne hartzen dituzten eta, arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten gizarte- eta ingurumen-proiektuak bereiziko dira. Era berean, eragin positiboa sortu beharko dute auzo eta komunitateetan.

Lehiaketaren hasieratik, edizio bakoitzak Garapen Jasangarrirako bi Helburu (GJH) espezifiko ditu ardatz, baita GJH 11 -Hiri eta komunitate jasangarriak- ere, zeharkako ardatz gisa jarduten duena eta etengabe indarrean dagoena. Aurtengo edizioan, lanak bi modalitate hauetan aurkeztu ahal izango dira:

  • •Gizarte Modalitatea – 1. GJH: Pobreziaren amaiera. Gizarte-bazterkeriari erantzuna ematen dioten proiektuei zuzendua, etxebizitza irisgarria, hiri-plangintza inklusiboa edo testuinguru zaurgarrietan azpiegiturak hobetzea bezalako irtenbideen bitartez.
  • •Ingurumen Modalitatea – 7. GJH: Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria. Energia berriztagarriak integratzen dituzten, energia-eraginkortasuna sustatzen duten edo deskarbonizazioa arkitekturatik eta hirigintzatik bultzatzen duten proposamenetan oinarrituta.

Deialdia zabalik dago Gipuzkoan bizi diren edo lurraldean proiektuak garatu dituzten arkitektoentzat. Diziplina anitzeko taldeek ere parte har dezakete, baldin eta gutxienez tokiko lotura duen arkitekturako profesional bat badute.

Parte-hartzaileek izena emateko fitxa bat eta proiektua azaltzen duen DIN A1 formatuko panel bat bidali behar dituzte helbide elektroniko honetara: premiosodscoavngi@gmail.com.

Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da. Proiektu irabazleak urrian jakinaraziko dira. Sarien oinarriak Gipuzkoako EHAEOren webgunean kontsulta daitezke.

Sariak

Kategoria bakoitzak 900 euroko saria eta oroigarria izango ditu. Gainera, kalitateagatik eta ekarpenagatik nabarmentzen diren proiektuei aipamen bereziak emango zaizkie. Saritutako lan guztiak, bai lehiaketa honetan, bai TFG – Arkitektura jasangarria sarian, etengabe hazten ari den erakusketa baten parte izango dira. Erakusketa 2030ean osatuko da, bi ekimenak amaitzearekin batera.

 


 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

EHAEO Gipuzkoa
Komunikazio saila
komunikazioa@coavngipuzkoa.eus
tel.: 943 320 194 / 649 107123

Hiru hirigile adituk Donostiako hiri ereduari buruz hausnartu eta eztabaidatuko dute datorren ostegunean

Prentsa oharrak - 2025ko maiatzaren 16an, ostirala

  • •Ángel Martín, Sebastià Jornet eta Patxo de León arkitekto hirigileek hitzaldi bana emango dute jardunaldi honetan; ondoren, Izaskun Aseguinolaza arkitekto doktoreak moderatuko duen eztabaida egongo da
  • •Topaketa maiatzaren 22an izango da, 18:00etan, EHUko Arkitektura Eskolako Paraninfoan
  • •Sarrera doakoa izango da eta herritar guztiei irekita dago, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea

Donostian, 2025eko maiatzaren 16an

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzaren Kultura batzordeak hausnarketa- eta eztabaida-jardunaldi berri bat antolatu du aurrekoaren izenburu berarekin: Hiri Eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035. Apirileko jardunaldian Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu bazuten, oraingoan gaian adituak diren hiru arkitekto hirigilek emango dituzte hitzaldiak: Ángel Martín, Sebastià Jornet eta Patxo de León. Onodren, Izaskun Aseguinolaza arkitekturan doktorean moderatutako eztabaida egongo da. Topaketa maiatzaren 22an, osteguna, izango da, 18:00etan, UPV/EHUko Arkitektura Eskolako Paraninfoan. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da COAVN Gipuzkoaren webgunean.

Gipuzkoako etorkizuneko lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida zikloarekin jarraitzen du Gipuzkoako EHAEOk. Hurrengo jardunaldiak, Hiri eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035 (II) izenekoak, Gipuzkoako hiriburuaren egungo egoera aztertzea du helburu. Hiriaren eta lurraldearen ikuspegitik abiatuta, hiriaren indargune nagusiak eta aurrean dituen erronkak identifikatuko dira. Halaber, etorkizuneko eraldaketa bidera dezaketen plangintza-tresnak eta politika publikoak jorratuko dira, eta arreta berezia jarriko zaio HAPOaren bilakaerari, hiri bidezkoago, jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiteko erreminta den aldetik.

Topaketa maiatzaren 22an izango da, Donostiako Arkitektura Eskolako Paraninfoan, 18:00etatik aurrera, eta arlo horretan ibilbide luzea duten hiru hirigile adituk hartuko dute parte. Hain zuzen ere, Ángel Martín, arkitektoa eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko katedraduna; Sebastià Jornet, arkitekto hirigilea eta JORNET LLOP PASTOR estudioko bazkide sortzailea; eta Patxo de León, arkitekto hirigilea, bere ibilbide guztia hirigintza planeamenduari, lurralde kudeaketari eta hiri diseinuari eskaini diona. Ondoren, Izaskun Aseguinolaza arkitekto doktore eta UPV/EHUko Arkitektura saileko Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Arloko irakasleak gaiari buruzko eztabaida moderatuko du. Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da Gipuzkoako EHAEOaren webgunean.

Jardunaldi hauei buruz

Gipuzkoako EHAEOk 2022ko amaieratik Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Sailaren laguntzarekin bultzatutako Etorkizuneko lurralde eta hiri ereduari buruzko gogoeta eta eztabaida jardunaldien barruko hamabigarren topaketa da hau.

2025erako, guztira, bost jardunaldi programatu dira. Lehena martxoan izan zen, Zarautzen, klima aldaketak kostaldeko eremu urbanizatuei nola eragiten dien ardatz hartuta. Bigarrena apirilean egin zuten, ordezkari politikoen artean Donostiaren etorkizunari buruzko eztabaida eginez. Hirugarren jardunaldi honek gai horri buruzko hirigintzan aditu direnen ikuspuntua eskainiko du.

Uda ostean, zikloak beste bi saioekin jarraituko du: irailean, Easoko Trenbide Hondartzaren etorkizunaz eztabaidatuko dute Donostian, eta azaroan, Hondarribian, turismoaren eta hiriaren arteko harremanaz arituko dira. Jardunaldi guztietako bideoak Gipuzkoako EHAEOaren YouTube kanalean ikus daitezke.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak EHAEO 2025 Sariak irabazi dituzten proiektuak iragarri ditu

Prentsa oharrak - 2025ko apirilaren 08an, asteartea

Zortzi modalitateek arkitekturaren eta hirigintzaren onena bereizten dituzte euskal-nafar eremuan

Adituen epaimahai batek proiektu bakoitza ebaluatu du bere berrikuntzaren, inpaktuaren eta kalitate arkitektonikoaren arabera

Sariek ospea sendotu dute 36 urte eta 15 edizioren ondoren, arkitekturako profesionalen talentua aitortuz

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) EHAEO Sarien 2025. edizioko irabazleak eta finalistak iragarri ditu. 36 urte baino gehiagoko ibilbidea duten sariak dira eta arkitekturaren eta hirigintzaren esparruan Euskal Herriko eta Elkargoetatik kanpoko elkargokideen lanik nabarmenenak bereizten dituzte.

Aurkeztutako hautagai guztien balorazio zehatza egin ondoren, martxoaren 17, 18 eta 19an zenbait obra bisitatu ondoren eta hautatutako lan guztiak eztabaidatu ondoren, arkitekturaren eta hirigintzaren arloko profesional entzutetsuek osatutako epaimahai batek erabaki ditu sarien irabazleak eta finalistak. Epaimahai horrek proiektu bakoitza ebaluatu du, berrikuntzaren, inpaktuaren eta kalitate arkitektonikoaren arabera.

PRESIDENTE

  • José María González-Pinto Arrillaga, EHAEOko decano-presidentea

VOCALES

  • Patxi Cortazar Villaverde (Pablo Carretón Gilen esku utzi zuen), Arabako ordezkaritzaren ordezkaria
  • Pablo Nistal Curto, Bizkaiko ordezkaritzaren ordezkaria
  • Juana Otxoa-Errarte Goikoetxea, Gipuzkoako ordezkaritzaren ordezkaria
  • Guillermo Garbisu Buesa, Nafarroako ordezkaritzaren ordezkaria
  • Macarena Ruiz Redondo, EHAEOko Gobernu Batzordeko kide korporatiboa
  • María Urmeneta Fernández, Euskal Herriko Arkitekto Hirigileen Elkarteko (EHAHE) presidentea
  • María González García, Estudio SOL89tik
  • Lucía Millet de Ferrater, Cierto Estudiotik

SECRETARIO

  • Mikel Díaz de Ilarraza Aramberri, EHAEOko Gobernu Batzordeko idazkaria

Arkitekturako konpromisoaren eta aniztasunaren erreflexua

XV. edizio honetan modalitate desberdinetan aurkeztutako lanen aniztasunak eta kalitateak lanbideak ingurunearekin, gizartearekin eta bizi-kalitatearen hobekuntzarekin duen etengabeko konpromisoa agerian uzten dute.

Jasotako proposamenek berretsi egiten dute gaur egun gure eremuko arkitektura- eta hirigintza-praktika osatzen duten ikuspegi eta eskalen aberastasuna, eta indartu egiten dute sari hauek arkitektura ona aintzatesteko eta zabaltzeko plataforma gisa duten zeregina.

Jarraian, EHAEO 2025 sarien modalitateetako proposamen irabazleak zehazten dira.

A MODALITATEA - ARKITEKTURA (OIN BERRIA)

ALTZAko UDAL KIROLDEGIA DONOSTIAN

  • LEACHE RESANO, Jesús
  • TABUENCA GONZÁLEZ, Fernando
  • HERRANZ DORREMOCHEA, Alfonso
  • CHOCARRO IRIARTE, Javier

Epaimahaiak ekipamendu publikoaren konplexutasuna eta oreka nabarmendu ditu hiri-txertaketan, ebazpen funtzionalean eta adierazkortasun arkitektonikoan. Sekzio estrategiak ingurunearekiko harremana optimizatzen du eta argi naturalak kirol espazioak betetzea ahalbidetzen du, esperientzia espaziala aberastuz eta funtzionaltasunaren, egiturazko diseinuaren eta izaera adierazgarriaren arteko oreka lortuz.

 

NAHINUENA GORLIZen, BIZKAIA

  • ARCE URTIAGA, Ane
  • BERASATEGUI ORRANTIA, Iñigo

Epaimahaiak etxebizitza horren intentsitate arkitektonikoa baloratu du; izan ere, ohiko araudiei, bizitzeko ereduari eta eraikuntza sistemari egiten die aurre. Etxeak araudiaren mugak zalantzan jartzen ditu, beheko solairua askatuz eta kanpoaldearekin harreman aberatsa sortuz. Nortasun handiko herri kodeak berrinterpretatzen ditu, espazioaren kalitatea, argi naturalaren tratamendua eta atmosfera beroa nabarmenduz eta bizitegi eredu berriak arrakastaz probatuz.

ALOKAIRU SOZIALEKO HOGEITA HEMERETZI ETXEBIZITZA ETA LORATEGI BAT MUTILOAN, NAFARROA

  • PÉREZ HERRERAS, Javier ERVITI MACHAIN, Roberto
  • QUINTANA DE UÑA, Francisco Javier
  • ALONSO FLAMARIQUE, Miguel
  • ESCORIHUELA VITALES, María Carmen
  • ARMENDARIZ VIDAURRE, Unai

Epaimahaiak oso positibotzat jo du proiektu hau etxebizitza sozialaren zerbitzura egongo den kalitatezko arkitektura baten aldeko apustu irmotzat. Antolaketaren argitasuna, bereizmen bolumetrikoa eta arrazionaltasun konstruktiboa nabarmentzen dira, aberastasun espazialari uko egin gabe. Ezarpen estrategiak komunitate harremana eta etxebizitzen ingurumen-kalitatea errazten ditu, eta zuraren erabilerak, berriz, koherentzia teknikoa eta adierazkortasuna. Azken batean, obra zorrotza, orekatua eta ongizate kolektiboarekin konprometitua.

 

B MODALITATEA - BIRGAITZEA ETA ZAHARBERRITZEA

ZARAUTZ JAUREGIA KULTUR EKIPAMENDU BERRI GISA ZAHARBERRITZEA GETARIAN, GIPUZKOA

  • UBILLOS PERNAUT, Javier
  • GARCÍA ODIAGA, Iñigo
  • ÁLVAREZ PASTOR, Marta
  • MUNIATEGIANDIKOETXEA MARKIEGI, Jon

Epaimahaiak Zarautz Jauregiaren esku-hartzearen sentsibilitate eta zehaztasun aparta baloratu du, kultur ekipamendu gisa berraktibatuz, errespetuzko arkitektura esanguratsu batetik. Aipatzekoak dira eraikinaren izkinan egindako hustuketa (lekuaren historia kontatzen duena) eta gehienbat egurrez egindako arkitektura-objektu berri bat sartzea. Proiektu zehatz eta ausart bat aitortzen da, kontzeptu eta material argitasuna duena, eta ondare esku hartze garaikidearen erreferente bihurtzen duena.

SALESETAKO KOMENTUA ZAHARBERRITZEA IRUÑEAN

  • ÁLVAREZ-SALA GÓMEZ-MORÁN, Enrique MATOS CASTAÑO, Beatriz
  • MARTÍNEZ CASTILLO, Alberto
  • PIZARRO JUANAS, María José RUEDA JIMÉNEZ, Óscar LEACHE RESANO, Jesús
  • TABUENCA GONZÁLEZ, Fernando

Epaimahaiak oso positibotzat jo du proiektuak monasterio-eraikin konplexu bat espazio publiko garaikide, irisgarri, atsegin eta funtzional bihurtzeko duen gaitasuna, izan zenaren memoria galdu gabe. Esku hartzeak atmosfera lasaia eta argitsua lortzen du, argi naturalaren erabilera zuhurraren eta materialekin egiten den lan zainduaren bidez. Proiektuak eraginkortasuna, argitasuna, ondarearen errespetua eta eguneroko erosotasuna uztartzen ditu, eta erabiltzen ez zen espazio bat zena bizitzaz betetako leku bihurtzen du.

 

C MODALITATEA - BARNE ARKITEKTURA ETA JARDUKETA

IRAGANKORRAK

IRUÑEKO TOPAKETA IRAGANKORRAK (22-72 eta 2024)

  • GARCÍA ALONSO, Marta
  • SÁEZ GASTEARENA, Javier Bernardino
  • GARCÍA-DIEGO VILLARIAS, Héctor
  • GONZÁLEZ PRESENCIO, Mariano
  • CIDONCHA PÉREZ, Antonio
  • BERASATEGUI ORRANTIA, Iñigo

Epaimahaiak baloratu egin du instalazio horrek Baluarte plazan hiri-esperientzia berri bat sortzeko duen gaitasuna, esku-hartze arin, bero eta poetiko baten bidez. Instalazioak material organikoak eta irisgarriak erabiltzen ditu, hala nola lastozko eta zurezko fardelak, eta berotasuna, testura eta giza eskala ematen ditu. Diagonal iragankor bat sortzea nabarmentzen da, espazioaren erabilera dinamizatzen duena eta egunerokotasunean bizitzeko beste modu bat proposatzen duena, iragankorra sakonki eraldatzailea izan daitekeela erakusten duen esperientzia pedagogiko eta kolektibo bihurtuz.

JANTOKIA LANTEGI BATEAN ANDOAINen, GIPUZKOA

  • SÁNCHEZ ORTEGA, Gonzalo
  • DIAGO BERNÁLDEZ, Armando

Epaimahaiak sentsibilitate eta eusten handiko ariketa gisa baloratu du esku hartze hori, industria ingurune bat eguneroko erabilerarako lasaitasun eta duintasun eremu bihurtzeko gai dena. Proiektuak lehendik zegoen eraikin bat berrinterpretatzen du eta jantoki gisa duen erabilera berrira egokitzen du, bi espazio bereizi eta sukalde eta zerbitzuen gune nagusi bat sortuz. Barruko espazioaren poetika eta altzarien diseinuaren zaintza nabarmentzen dira, funtzionala sinbolikora jasoz.

 

D MODALITATEA - HIRIGINTZA

GASTEIZko AUZOAK BERRONERATZEKO, EKO-BIRGAITZEKO ETA BIZIBERRITZEKO PLAN NAGUSIA 2020 – 2040

  • GARCÍA YELA, Alberto
  • JIMÉNEZ VALENCIA, Ekain

Epaimahaiak 70eko hamarkadako bizitegi auzoak berroneratzeko proposamen sendo eta estrategikotzat jo du Plan Maisu hau. Hiri ehun finkatuetan esku hartzeko gaitasuna nabarmentzen da, soluzio malguak eta irizpide aplikagarriak eskainiz. Lanaren kalitate grafiko eta erakusketakoak tresna tekniko eta pedagogiko bihurtzen du. Ekintza txikietan oinarritutako ikuspegiak eraldaketa progresibo eta inklusibo baten alde egiten du, hiria berroneratzeko adimena eta sentsibilitatea eskainiz.

 

E MODALITATEA - HIRI-DISEINUA ETA PAISAJISMOA

SESTAOko LABE GARAIAREN SARRERAKO IGOGAILUA ETA HIRI-ESKAILERA, BIZKAIA

  • LANDIA ORMAECHEA,
  • Eduardo ETXEBERRIA AIERTZA, Alex

Epaimahaiak esku-hartze hori industria ingurune batean hiri loturako eta paisaiaren aktibazioko eragiketa eredugarritzat jo du. Labe Garaiaren ondarearekiko konexio sistema lekuz aldatzeko erabakia nabarmendu dute, espazioa askatuz eta ikusizko oxigenoa sortuz. Ibilbidea airean egindako pasealeku gisa ulertzen da, eta espazio eta ikus sekuentzia bat sortzen da, igoera eta paisaiaren kontenplazioa txandakatzen dituena. Esku-hartzeak azpiegitura funtzional bat balio zibiko, arkitektoniko eta sinboliko handiko hiri pieza bihurtzen du.

 

F MODALITATEA - LURRALDEZ KANPOKO ARKITEKTURA ETA

HIRIGINTZA

HAITI ERREPUBLIKAko DONDON HIRI KOMUNA ETA HIRIBILDUAREN HIRI ANTOLAMENDURAKO PLANA

  • GASTAMINZA SANTA KOLOMA, Patxi

Epaimahaiak Dondongo (Haiti) gizarte eta lurralde errealitatearekin konprometitutako proposamentzat jo du lan hau. Prozesuaren ikuspegi parte hartzailea, malgutasun estrategikoa eta kultura balioekiko sentsibilitatea nabarmentzen dira. Planak ibilbide orri bat ezartzen du, lehendik dagoena eta pixkanaka hobetzeko asmoak bateragarri egiten dituena, eta hirigintza diziplina entzute, lankidetza eta hobekuntza tresna kolektibo gisa duintzen du.

G MODALITATEA - KULTURA, HEDAPENA ETA BERRIKUNTZA

ARKITEKTONIKOA

ARKITEKTURA BEREZIAK. DIARIO DE NAVARRA

  • NAGORE SETIÉN, Israel

Epaimahaiak ekimen hau dibulgazio arkitektonikoaren adibide bikaina dela esan du, gizartearekiko eta diziplinarekiko konpromisotik egina. Poriektua Diario de Navarra egunkarian arkitektura publikoari begirada sentikor, pedagogiko eta zorrotz batetik hurbiltzen duten artikuluek osatzen dute. Arkitektura ez hain ezagunen ikuspegia nabarmentzen da, aintzatespena errealitate desberdinetara zabalduz. Hedapen lan horrek lanbidearen eta herritarren arteko loturak ezartzen ditu, eta gizartearen ikus eta kultura hezkuntzan laguntzen du.

 

H MODALITATEA - ARKITEKTURA ETA HIRIGINTZA IRAUNKORRA

GASTEIZko ANDRE MARIaren KOROATZEAREN PARROKIARAKO ELIZA

  • FISAC SERNA, Miguel

Epaimahaiak Andre Mariaren Koroatzearen Elizari Sari Iraunkorra ematea erabaki du, Miguel Fisac Sernak proiektatua, bere indarraldi arkitektoniko, sinboliko eta liturgiko bikainagatik. Espazioaren ikuskera modernoa, espazialtasun organikoa eta zeremoniala sortzen duten bi hormen konbergentzia eta kanpandorrearen adierazkortasun indartsua nabarmentzen dira. Lanak eutsi egin dio denboraren joanari, eta indarrean dirau bere indar kontzeptualagatik eta eredugarritasun formalagatik, Euskadiko eta Estatuko ondare arkitektoniko modernoaren erreferentzia eztabaidaezina bihurtuz.

Hiru hamarkada arkitektura ospatzen

36 urteren ondoren, sari hauek arkitekturan eta hirigintzan bikaintasuna nabarmentzeko helburuari eusten diote eta eboluzionatu egin dute, arkitektura diseinuan eta hiri plangintzan baliabideen eta berrikuntzaren erabilera arduratsuari buruzko gogoeta, sormen eta eztabaida foro bihurtzeko, EHAEOk berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa sendotuz.

Aurkeztutako proposamen guztiak, baita finalistak ere, EHAEOren webgunean kontsulta daitezke. Gainera, irabazleen aukeraketari buruzko informazio zehatzagoa duen akta eta aurreko edizioak kontsulta daiteke.

Gipuzkoako EHAEOk Donostiako Udaleko ordezkari politikoak mahai-inguru batean elkartuko ditu hiriaren eta Gipuzkoaren etorkizunaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko

Prentsa oharrak - 2025ko martxoaren 31an, astelehena

  • Topaketa apirilaren 3an, osteguna, izango da, 18:00etan, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Paraninfoan.
  • Sarrera doakoa izango da eta herritar guztiei irekita dago, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea
  • Aldi bereko itzulpen-zerbitzua eskainiko da

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura batzordeak mahai-ingurua egingo du apirilaren 3an, osteguna, 18:00etan, UPV/EHUko Arkitektura Eskolako Paraninfoan, Hiri Eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035 izenburupean. Topaketa Ander Gortazar arkitektoak moderatuko du, eta Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek parte hartuko dute: Nekane Arzallus (EAJ/PNV), Juan Marrero (PSE), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Borja Corominas (PP) eta Víctor Lasa (Elkarrekin). Parte-hartzea doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea Gipuzkoako EHAEOren webgunean. Ekitaldiak aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko du, eztabaidaren jarraipena errazteko. Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren eta EHUko Arkitektura Eskolaren laguntza jaso du.

Gipuzkoako EHAEOk antolatzen duen Gipuzkoako etorkizuneko lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida zikloaren 2025eko bigarren saioak hiriaren eta lurraldearen etorkizunari buruzko eztabaida eta hausnarketa gune bat irekitzea du helburu. Ostegun honetan Donostiako Arkitektura Eskolan egingo den topaketan, funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola, hiri-garapena, mugikortasuna, etxebizitza, herritarren parte-hartzea edo hiriaren identitatea ondarearen eta paisaiaren bitartez. Nekane Arzallus (EAJ/PNV), Juan Marrero (PSE), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Borja Corominas (PP) eta Victor Lasa (Elkarrekin) zinegotziek parte hartuko dute jardunaldian, Ander Gortazar arkitektoak dinamizatuko duena. Parte-hartzaileen azalpenen ondoren, eztabaida zabalduko da, eta bertaratzen direnek ere tartea izango dute parte hartzeko. Jardunaldia 18:00etan hasi eta 20:00ak arte luzatuko da.

Jardunaldi hauei buruz

2022aren amaieran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren laguntzarekin, Gipuzkoako EHAEOa antolatzen hasi zen etorkizuneko lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldiei buruzko zikloaren hamaikagarren topaketa da hau. Aurten bost jardunaldi egitea aurreikusten dira. Horietako lehena joan den hilabetean izan zen Zarautzen, eta klima aldaketa kostaldeko eremu urbanizatuetan nola eragiten ari den izan zuten hizpide.

Bigarren saio honen ondoren, maiatzean beste bat egingo da gai horri buruz, baina hirigintzan adituak diren hainbat hizlariekin. Udako etenaren ondoren, irailean Easoko Trenbide zabalgunearen etorkizunari buruz eztabaidatuko dute, Donostian ere. Aurtengo edizioa azaroan amaituko da, Turismoa eta hiria jardunaldiarekin, Hondarribian egitea aurreikusten dena.

Hitzaldi guztiak Gipuzkoako EHAEOaren YouTubeko kanalean daude ikusgai.

 


 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

Raquel López Viña

Komunikazio saila | EHAEO Gipuzkoa

Tel.: 943 320 194 / 649107123 · komunikazioa@coavngipuzkoa.eus · www.coavnss.org

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak bost jardunaldi antolatu dituzte lurralde ereduaren inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko

Prentsa oharrak - 2025ko martxoaren 14an, ostirala

  • Gipuzkoako hainbat herritan egingo diren bost saio horietan gai hauek jorratuko dira, besteak beste: klima-aldaketa eta horrek gure kostaldean duen eragina, 2035ean izan behar dugun lurralde-eredua, Donostiako Easoko bide-hondartzan irekiko den hirigintza-aukera edo turismoak gure hirietan duen eragina.
  • Ziklo hau 2022. urtearen amaieratik egiten da, eta datorren ostegunean, martxoaren 20an, hasiko da berriro, Zarauzko Santa Klara komentuan, "Itsas Fronte urbanizatua klima-aldaketaren aurrean" jardunaldiarekin.
  • Azahara Domínguez, diputada de Movilidad, Turismo y Ordenación del Territorio: “Eraiki nahi dugun Gipuzkoa definitzeko une erabakigarrian gaude, eta, horregatik, funtsezkoa da adituekin batera gai horiei heltzea. Gure helburua gero eta bizigarriagoa izango den Gipuzkoa eraikitzea da, pertsonen zerbitzura egongo den hirigintza izango duena eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena. Horregatik, funtsezkoa da ditugun erronkei eta aukerei buruz hausnartzea, eta jardunaldi hauek agertoki ezin hobeak dira horretarako”.
  • Edurne Aperribay, Gipuzkoako EHAEOko kultura batzordekidea: "Lurraldean gertatzen ari den eraldaketa ikusita, ezin gara behatzaile huts izan; horregatik, Arkitektoen Elkargoan hainbat arlotan adituak diren pertsonak bildu nahi izan ditugu, eta ikuspegi tekniko bat eskaini, hiri erresilienteagoak sustatuko dituzten eta, ondorioz, pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetuko duten garapen ordenatua ahalbidetuko duten irtenbiderik onenak eskaintzeko".

Gipuzkoaren etorkizunari eta gure hirien ereduari buruz 2022. urtearen amaieran hasitako gogoetekin jarraituz, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) Gipuzkoan duen ordezkaritzak bost jardunaldi antolatuko dituzte 2025ean, Gipuzkoari buruzko ezagutza eta gogoeta sustatzeko helburuarekin.

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, bost saio horietan, herritar guztiei irekita daudenak nahiz eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa den, gai hauek jorratuko dira, besteak beste: klima-aldaketa eta horrek gure kostaldean duen eragina, 2035ean izan behar dugun lurralde-eredua, Donostiako Easo trenbideko hondartzan irekitzen den hirigintza-aukera edo turismoak gure hirietan duen eragina.

Saio hauen helburua "gaurkotasuneko gai hauei buruzko hausnarketa sakona egitea da, etorkizunean nahi dugun Gipuzkoa eraikitzeko baliagarriak diren ondorioak ateratzea da", aitortu du diputatuak.

Lehenengo jardunaldia datorren ostegunean, martxoak 20, hasiko da Zarautzen. Bertan, klima aldaketaren aurrean itsas fronte urbanizatua zikloa ospatuko da (18:00etan, Santa Klara komentuan). Klima aldaketak kostaldeko herrietan nola eragiten duen aztertuko da. Zehazki, Gipuzkoako itsasertzari eragiten dion inpaktu nabarmenari eta aurre egin beharreko erronkei helduko zaie, modu integral eta orekatuan ekin ahal izateko.

Hori guztia Gemma Garcíak, Jesús Arcosek eta Patxi Gastaminzak azalduko dute. Ondoren, hizlarien eta bertaratutako publikoaren artean solasaldi bat egingo da, Daniel Carballo arkitektoak moderatuta.

 

Hurrengo jardunaldiak

Apirilean eta maiatzean bi jardunaldi jorratuko dira, Hiri eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035 izenburupean, lehenengoa ikuspegi politiko batetik eta bigarrena hirigintzan adituak diren pertsonekin. Apirilaren 3an eta maiatzaren 22an izango dira, hurrenez hurren, eta UPV/EHUren Donostiako Arkitektura Eskolan egingo dira.

Uda ostean, irailean ekingo zaio berriro zikloari, Easoko Trenbide Hondartzak Donostiari ekarriko dizkion aukerei buruzko eztabaidan. Hitzaldi hau ere Donostian egingo da, zehazki irailaren 25ean, UPV/EHUko Arkitektura Eskolan.

Azkenik, zikloa azaroaren 20an itxiko da Hondarribian, turismo-jarduerak gure hirien garapenean duen eraginari buruzko eztabaida batekin (kokapena erabakitzeke dago oraindik).

"Eraiki nahi dugun Gipuzkoa definitzeko une garrantzitsu batean gaude, eta, horregatik, funtsezkoa da adituekin batera gai hauek jorratzea", adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. "Gero eta bizigarriagoa izango den Gipuzkoa eraikitzea da gure helburua, pertsonen zerbitzura egongo den hirigintza izango duena eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena. Horregatik, funtsezkoa da ditugun erronkei eta aukerei buruz hausnartzea, eta jardunaldi hauek agertoki ezin hobeak dira horretarako ", gaineratu du.

Bestalde, Edurne Aperribay Gipuzkoako EHAEOko Kulturako kideak adierazi duenez, "gure hirietako lurralde-paisaia eta hiri-irudia eraldatzeko prozesuan daude, hainbat faktoreren ondorioz". Egoera horren aurrean, nabarmendu duenez, " Gipuzkoari eragiten dioten hainbat arlotako adituak bildu ditugu, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta garapen ordenatua ahalbidetuko duten irtenbideak bilatzeko, hiri erresilienteagoak sustatzeko eta, ondorioz, pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko".

Azkenik, Gipuzkoako EHAEOko Gobernu Batzordeko kide Patricia Rodríguezek azaldu duenez, 2022. urtearen amaieratik bederatzi hitzaldi egin dira guztira, eta, besteak beste, arkitekturan, hiri-plangintzan eta ingurumenean adituak direnen esperientzian oinarritutako estrategia berritzaile interesgarriak eskaini dituzte. "2025erako aurreikusitako bost jardunaldiek gai asko uzten dituzte oraindik tintontzian, eta datozen edizioetan jorratu ahal izatea espero dugu", amaitu du.

1-tik 8-ra guztira: 102

Informazio gehiago nahi baduzu, edota arkitekto edota zuzendaritza batzordeko kideren batekin elkarrizketa bat hitzartu, jarri zaitez gurekin harremanetan:

Komunikazio saila
comunicacion@coanvss.org
telf.: 943 320 194

Gipuzkoako EHAEO
Frantzia pasealekua, 11
20012 Donostia-San Sebastián

Agenda


Hurrengo ekitaldiak

10 - 23

Hitzaldia: 'Etorkizunerako arkitektura: errealitate jasangarri baterantz', Bruno Sauer Lekua: Miramar Jauregia Ordua: 18:00 2025ko urriaren 23an, osteguna

10 - 25

Bisita gidatua. Eibar: bizikletaren arkitektura Lekua: Elkargunea: Coliseo antzokia. Merkatu kalea, 2 (Eibar) Ordua: 11:00 (castellano) ; 12:30 (euskera) 2025ko urriaren 25an, larunbata

10 - 28

Etengabeko trebakuntza: Energia-eraginkortasunari buruzko direktiba berria. Ziurtapena eta jasangarritasuna Lekua: EHAEO Gipuzkoa (Donostia) 2025ko urriaren 28an, asteartea

Twitter