Gipuzkoako arkitektoak
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa Gipuzkoan

Prentsa oharrak


Herritarrek dagoeneko eskura dute etxebizitzak eta eraikinak birgaitzen hasi aurretik eman behar dituzten urrats guztiak jasotzen webgunea

Prentsa oharrak - 2023ko apirilaren 26an, asteazkena

  • Ekimen hau elkarlanean egin dut Gipuzkoako EHAEOk, ASCONGIk eta Gipuzkoako AATEOk

  • Gida honek birgaitzean egin beharreko urrats guztiak jasotzeaz gain,  dira, indarrean dauden laguntzen zerrenda jasotzen du ere

 

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak, Gipuzkoako Eraikitzaileen Elkarteak(ASCONGI) eta Gipuzkoako Arkitekto Tekniko eta Aparejadoreen Elkargoak (GAATEO) etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko jardunbide egokien gida aurkeztu dute gaur goizean Koldo Mitxelena Kulturunean. Gida hau www.rehabilitatucasa.eus webgunean kontsulta daiteke eta herritar guztiei zuzenduta dago. Aurkezpenean izan dira: Juana Otxoa-Errarte, Gipuzkoako EHAEOeko lehendakaria; Txema Muñoz, ASCONGI elkarteko lehendakaria, eta Nagore Azuabarrena, GAATEOko lehendakaria.

Juana Otxoa-Errartek azaldu duenez, hiru erakundeek helburu bera dute: eraikin edo etxebizitzen birgaitzeak arrakasta izan dezan beharrezkoa den informazioa herritarren eskura jarri, obraren hasieratik amaierara arte. “Birgaitzea proiektuarekin hasten da, eta erredakzioaz arduratzen den pertsona arkitektoa izan behar du, horretarako eskumena duen profesionala baita, eta, gainera, erabiltzaileari bermea eskaintzen diona”. Gainera, “proiektu horiek diru-laguntza jaso dezakete egungo laguntzen deialdietan ere”, gaineratu du Gipuzkoako EHAEOko lehendakariak.

Bestalde, Txema Muñozek azpimarratu du garrantzitsua dela birgaitzerako enpresa behar bezala aukeratzea. Horretarako, enpresa kontratista hautatzeko gomendio batzuk aipatu dira:  eraikuntzako enpresa bermatuen erregistroan (EEBE) izena emanda egotea, obrarekin bat datorren Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko (JESN) kode egoki bat izatea, Gizarte Segurantzan eta Ogasunean ordainketak egunean izatea, obraren bolumenaren araberako Erantzukizun Zibileko asegurua izatea, Gipuzkoako Eraikuntzaren Hitzarmena betetzea eta obran prebentzio-baliabidea izatea. Obra egiteko jaso diren eskaintzen balorazioari dagokionez, enpresak enpresa-egituraren, bermeen eta kaudimenaren eta gaitasun teknikoaren inguruko agiriak aurkeztea gomendatzen da. Gainera, 2022ko ekainaren 21eko Aginduan jasotzen den bezala, gogorarazi du Agente Errehabilitatzailea ez dela nahitaezkoa etxebizitzak birgaitzeko jardunean. Era berean, figura hori ez du inongo administrazio edo entitatek egiaztatzen, ez homologatzen, baizik eta jabe-komunitate batek figura hori baimentzen dio  kudeaketa guztia egiteko”.

Nagore Azuabarrenak, bere azalpenean azpimarratu du talde-lanaren garrantzia arkitekto eta eraikuntza-enpresekin: “Arkitekto teknikoa arduratuko da obra kualitatiboki eta kuantitatiboki kontrolatzeaz, lanak arrakasta izan dezan. Zehazki, arkitekturako teknikariak gara, exekuzio materialaren zuzendaritzaz arduratzen direnak”.

Azkenik, eta berrikuntza gisa, gaur goizeko aurkezpenean, testuinguru berri horretan sortzen den beste elementu batean jarri da arreta: Lehendik dagoen eraikinaren liburuan. Dokumentu honek eraikinaren erradiografia bat erakusten du, eta eraikinak osorik birgaitzeko jarduerak sustatzeko hobekuntza-azterketa potentziala jasotzen du. Azterketa hori Europan dauden antzeko tresnekin lerrokatuko litzateke, esaterako, eraikinen pasaporte digitalarekin. Gainera, urte gutxitan derrigorrezkoa izan daitekeela aurreikusten da. Liburu honen eginkizun nagusietako bat da eraikinaren jabeei eta erabiltzaileei informazioa ematea, hizkuntza praktiko eta ulerterraz batean, ezagutza teknikorik ez duten pertsonek ulertzeko moduan. Bertan, proposatzen diren jarduketak gauzatzean eraikinean ikusi ahal diren abantailak azpimarratuko dira, bai eta une horretan birgaitzeko indarrean dauden laguntzak hobeto aprobetxatzeko gomendioak ere.

 


 

Informazio gehiagorako:

  • Raquel López (EHAEO Gipuzkoa): 943 320 194 / 688 834 213
  • Aitor Azurki (AATEO Gipuzkoa): 665724752
  • Virginia Elvira (ASCONGI): 943 309 030

Pablo de la Hoz, Naiara Zabala eta Mikel Azcona arkitekto adituek Gipuzkoako hiri- berroneratzeari buruzko hausnarketa eta eztabaida egingo dute ostegun honetan (apirilak 20)

Prentsa oharrak - 2023ko apirilaren 18an, asteartea

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura | Gizartea batzordeak, berriz ere, Gipuzkoako etorkizuneko lurralde- eta hiri-ereduari buruz hausnartzera eta eztabaidatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Hirugarren jardunaldia ostegunean (apirilaren 20an) izango da, 18:30ean, Gipuzkoako EHAEOren egoitzan (Frantzia pasealekua, 11 – Donostia), eta hiri-berroneratzearen ingurukoa izango da. Horretarako, gaian adituak diren hiru arkitektoek hartuko dute parte: Pablo de la Hoz, Naiara Zabala eta Mikel Azcona. Ondoren, Iñigo Peñalba arkitektoak moderatutako eztabaidari ekingo zaio. Sarrera doakoa izango da, baina plazak mugatuak izango dira; beraz, aldez aurretik izena eman behar da Gipuzkoako EHAEOren web orrian.

Hiri-berroneratzea degradatutako edo hondatutako hiri-eremuak hobetzeko prozesua da, eta, planeamenduan garapen jasangarriaren printzipioa aplikatuz, hobekuntzak egitea proposatzen du, besteak beste, etxebizitza, garraioa, segurtasuna, ekipamenduak, berdeguneak eta hirugarren sektorekoak.

Helburua finkatu gabeko hiri-eremuak berritzeko eta biziberritzeko estrategiei buruz eztabaidatu eta gogoeta egitea izango da, esku hartzeko bideak zalantzan jarriz, eta gai hauek jorratuz besteak beste: dentsitatea handitzea, erabilerak nahastea, dibertsifikazio soziala, hiriaren irautea eta jostea, irisgarritasuna eta hirigintzaren bideragarritasuna eta kudeaketa.

Ziklo honi buruz

Gipuzkoako EHAEOk, hainbat arlotako adituen eskutik, herritarrekin batera Gipuzkoan izango den lurralde- eta hiri-ereduari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko ziklo bat jarri zuen abian iaz. Lehenengoan, Loiolako kuartelen gaia landu zen; bigarrenean, bizitegi-garapen berriak, eta hirugarrenean, hiri-berroneratzeari buruz hitz egingo da. Maiatzean, landa-ingurunean sakonduko da, eta ekainean mugikortasun jasangarrian.

 


 

 

Informazio gehiago edota elkarrizketaren bat egin nahi izanez gero, jar zaitezte gurekin harremanetan:

 

Raquel López Viña

Komunikazio saila | EHAEO Gipuzkoa

Tel.: 943 320 194 / 688 834 213 · komunikazioa@coavngipuzkoa.eus · www.coavnss.org

Gipuzkoako EHAEOk lurraldeko bizitegi-garapen berriei buruzko hausnarketa eta eztabaida egitera dei egiten die herritarrei, gai horretan adituak diren hiru arkitektoekin batera

Prentsa oharrak - 2023ko martxoaren 22an, asteazkena

  • Topaketa bihar, martxoak 23, izango da 18:30etik aurrera Gipuzkoako EHAEOaren egoitzan eta honako arkitektoek parte hartuko dute: Oihana Arruti, Santiago Peñalba eta José Miguel Toledo
  • Sarrera doakoa izango da, baina aurretik Gipuzkoako EHAEOren webgunean izena ematea beharrezkoa izango da

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura | Gizartea batzordeak joan den urtearen amaiera Gipuzkoako etorkizuneko lurralde- eta hiri-ereduari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko ziklo bat abiatu zuen. Lehen jardunaldia Loiolako kuartelen inguruan egin zen, eta bigarren topaketa hau bizitegi-garapen berriei buruzko eztabaidaren bila dabil. Hitzordua bihar izango da (osteguna, martxoak 23), 18:30ean, Gipuzkoako COAVNren egoitzan (Frantzia pasealekua, 11 – Donostia). Bertan, hirigintzan adituak diren hiru arkitektok hartuko dute parte: Oihana Arruti, Santiago Peñalba eta José Miguel Toledo. Ondoren, Oihana Santolaria arkitektoak moderatutako eztabaidari ekingo zaio. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztientzat dago zabalik, baina plazak mugatuak dira; beraz, aldez aurretik izena eman behar da Gipuzkoako EHAEOren web orrian.

Hirigune, kokaleku edo hiribildu txikiak sortu zirenetik, gure hiriak modu desberdinean hazi dira urteetan zehar, hainbat baldintzatzaileren arabera: ekonomia, demografia, gizarte-aldaketak, araudiaren bilakaera eta aurrerapen teknikoak. XX. mendearen hasierako zabalguneak izan ziren gure hirien lehen aldaketa handia, eta irizpide desberdinen arabera aldatzen jarraitu zuten.

Gipuzkoako EHAEOetik uste da hausnartzeko garaia iritsi dela: gure hiri eta herriak nola aldatu diren, zer espazio mota diseinatzen eta eraikitzen ari garen eta norentzat. Hiriek hazi, handitu, zabaldu behar dute? Eta, baiezkoan, nola egin behar dute?

Bigarren gai horri dagokionez, gizartearen etengabeko aldaketetara eta beharretara egokitzeko zalantzan jarri beharko liratekeen baldintza asko daude. Udal-ekonomiak, etxebizitzei buruzko politikak, materialen eta tipologien homogeneizazioak eta eraikuntza-enpresen botere handiak, hirigintza-estandarrekin eta sektoreko araudiekin batera, faktore erabakigarriak eratzen dituzte plan partzial berriak egiteko, eta, askotan, ezinezkoa izaten da garapen berriak sortzea, kuantikotik haratago doazen beharrei erantzuteko.

Jardunaldi honen helburua da azken bi hamarkadetan egindako hirigintza-garapen berriei buruzko hausnarketa egitea eta etorkizunerako estrategia bat planteatzea, egokiena izango litzatekeen hiri-ereduari buruz.

 


 

Informazio gehiago edota elkarrizketaren bat egin nahi izanez gero, jar zaitezte gurekin harremanetan:

 

Raquel López Viña

Komunikazio saila | EHAEO Gipuzkoa

Tel.: 943 320 194 / 688 834 213 · komunikazioa@coavngipuzkoa.eus · www.coavnss.org

Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoak ekoitzi duen Ondare atariak erakusketa, bueltan da

Prentsa oharrak - 2023ko urtarrilaren 11an, asteazkena

  • Bihartik aurrera Egiako Kultur Etxean (Donostian) bisitatu ahal izango da

  • Urtarrilaren 25ean erakusketaren bisita gidatua egingo da

 

Donostian, 2023ko urtarrilaren 11n

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak Ondare atariak: irisgarri eta inklusiboak? erakusketa ekoitzi eta ikusgai jarri zuen 2021ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Erakusketak ikusmin handia sortu zuen eta harrera oso ona izan zuen publikoaren artean. Hori horrela, erakusketa berriro ere ikusgai jarriko da, oraingo honetan Egiako Kultura Etxean (Donostian). Inaugurazio-ekitaldia bihar, urtarrilak 12, izango da 19:00etan. Bestalde, urtarrilaren 25erako bisita-gidatu bat antolatu da erakusketara.

Pandemia garaian bete-betean geundela inauguratu zen lehenengoz Ondare atariak: irisgarri eta inklusiboak? erakusketa Gipuzkoako EHAEOren egoitzan, Ondarearen Europako Jardunaldien programazioaren barruan. “Osasun-egoeraren murrizketek baldintzatu arren, ikusleen erantzuna bikaina izan zen eta berriro ere ikusgai jarri behar genuela argi genuen”, diote Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeko kideek, erakusketaren egileak. Hori horrela, eta asmo horri jarraiki, bihar 19:00etan berriro ere inauguratuko da, oraingo honetan Egiako Kultur Etxean. Ekitaldian, besteak beste, Juana Otxoa-Errarte Gipuzkoako EHAEOren lehendakariak eta Juan Martín Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeko zuzendariak parte hartuko dute. Amaieran, mokadutxo bat partekatuko da gerturatzen direnekin.

Bestalde, urtarrilaren 25ean 11:00etan, erakusketara bisita gidatu bat egingo da, non atari bakoitzaren azalpen xeheagoa emango duten Gipuzkoako Ondarearen batzordeko zenbait kidek. Bisitan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da Egiako Kultur Etxean.

Erakusketa hau otsailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.

 

Erakusketa honi buruz

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien leloa Ondare irisgarria eta inklusiboa izan zen 2021ean. Hori horrela, Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeak Donostiako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak B mailarekin babestuak eta eraikiak dauden eraikinetako atarien inguruko erakusketa ekoitzi zuen. Guztira 25 atari baziren, 23 portaleko jabeen baimenarekin osatu ahal izan zuen erakusketa.

Gai honek indarrean dagoen legeria betetzen dela eta berezko ondare-balioak mantentzen direla egiaztatzea planteatzen da, aplikatzean sortzen diren mugak eta zailtasunak aztertzeko. Erakusketa horrek aukera ematen du egoera horrek eragiten dituen arazoak egiaztatzeko, oro har eta kasu zehatz bakoitzean, eta profesional bakoitzak, ahal den neurrian, ematen duen erantzun teknikoa. Ondare-errespetuaren eta araudia betetzearen arteko oreka delikatua bilatuz.

 


 

Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

 

Raquel López

Gipuzkoako EHAEO · Komunikazio saila

Tel.: 943 320 194 / 688 834 213

komunikazioa@coavngipuzkoa.eus | www.coavnss.org |

Gipuzkoako EHAEOk ondare eraikiaz gozatzeko birgaitzearen beharra aldarrikatuko du, eta, aldi berean, Mugimendu Modernoaren arkitektura balioan jarriko du

Prentsa oharrak - 2022ko irailaren 29an, osteguna

  • Urriaren 3an eta 4an, iluntzean, bideo-mapping ikuskizun bat proiektatuko da Ramon Maria Lili kaleko 8. eta 9. zenbakietan dagoen eraikin arrazionalista batean.
  • Arkitekturaren Nazioarteko Eguna hasteko, DOCOMOMO plaka bat jarriko dute Zarauzko Vista Alegre dorrean, Juan Manuel de Encío Cortazar eta Luis Peña Gancheguik egina.

 

Urtero legez, urriko lehen astelehenean Arkitekturaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Gipuzkoako EHAEOk ez du hitzordura huts egin nahi izan. Aurtengo egitarauarekin eraikitako ondarea birgaitzeko beharra aldarrikatu nahi du Gipuzkoako EHAEOk, arkitektura gozatu eta bizitzeko eta pertsonen bizitza hobetzeko. Aldi berean, 1935 eta 1965 urteen artean eman zen Mugimendu Modernoaren arkitektura nabarmendu nahi du. Beraz, aurten bi jarduera antolatu dira egun hau ospatzeko: Pablo Zabalo donostiar arkitektoak egin eta Fernando Ruiz Lacasa arkitektoak birgaitu duen eraikin arrazionalistari buruzko bideo mapping proiekzioa, Donostiako Ramón María Lili kaleko 8 eta 9an kokatua dagoena. Beste jarduera Zarauzko Vista Alegre dorrean DOCOMOMO plaka bat jartzea izango da, Juan Manuel de encío Cortázar eta Luis Peña Ganchegui arkitektoek egina.

DOCOMOMO plaka Zarautzen
Gipuzkoako EHAEO Arkitekturaren Nazioarteko Eguna DOCOMOMO plaka bat jartzen hasiko du, Zarauzko Vista Alegre Dorrea etxebizitza-eraikinean Juan Manuel de Encío Cortázar eta Luis Peña Ganchegui gipuzkoar arkitektoek egin zuten, 1958an. Mugimendu Modernoaren adibide argia, eraikin hau oso nabarmena izan zen garai hartan. Ekitaldia 12:00etan hasiko da eraikin berean, eta hauek parte hartuko dute: Juana Otxoa-Errarte, Gipuzkoako EHAEOren lehendakaria; Luis Peña Gancheguiren eta Juan Manuel de Encío Cortazarren senideak; Archivo Luis Peña Ganchegui kultur elkartea, eraikinaren azalpena emango duena, eta eraikineko bizilagunak. María Zubimendi eta Garazi Navas musikariek girotuko dute ekitaldia. Doakoa izango da eta herritar guztiei irekita dago, baina toki-kopurua mugatua da; beraz, aldez aurretik izena eman beharko da Gipuzkoako EHAEOren web orrian. IKUSI ERAIKINAREN INFORMAZIO XEHEAGOA.

DOCOMOMO fundazioa ‑Documentation and Conservation of building, sites and neighbourhoods of the Modern Movement (Mugimendu Modernoko eraikin, ingurune eta auzoen Dokumentazioa eta Kontserbazioa)‑ 1990. urtean sortutako nazioarteko erakunde bat da eta bere helburu nagusia da XX. mendeko arkitektura modernoko ondarea inbentariatzea, dibulgatzea eta babestea. 1993an DOCOMOMO Ibérico filiala sortu zen, beste erakunde batzuekin batera, Espainia eta Portugalen lan egiten duena DOCOMOMOren helburu berdinekin.

Bideo mapping baten proiektzioa Donostian
Bestalde, urriak 3 eta 4ean 21:30 eta 23:30ak artean bideo mapping proiekzio bat emango da Donostiako Ramón María Lili 8 eta 9 zenbakietan kokatua dagoen eraikinean (Equitativa ondoan). Eraikin arrazionalista garbia da, Pablo Zabalo donostiar arkitektoak diseinatu zuena 1935ean, baina gerra zibilaren ondorioz ezin izan zen 1952ra arte bukatu. 2020an, Fernando Ruiz Lacasa arkitektoa arduratu zen eraikinaren birgaitze energetikoaren esku-hartzeaz, Kursaal Taldearen partaidetzarekin. Proiekzio horren bidez, eraikin enblematiko honen historia kontatuko da, oso modu ikusgarrian: obraren hasieratik 1930eko hamarkada aztoratuan aurre egin behar izan zitzaien egoeratatik abiatuta, 2021ean amaitu zen birgaitze-obraren esku-hartzeraino. Arrakasta kasu bat, non ondarearen mantentzea bat datorren eraikinaren birgaitzearekin, energia-hobekuntzarekin erabilera erosoagoa eta jasangarriagoa lortuz eraikinaren erabileentzako.

Trailer honetan ikuskizuna izango denaren aurrerapen bat uzten dugu.

Ángel Sandimas artista nafarrak egin du ikus-entzunezko ekoizpena, 20 urte baino gehiago daramatzanak nazioarteko animazio digitaleko proiektuetan lanean, eta sari eta izendapen ugari jaso dituenak. Besteak beste, Moskuko Circle of Light nazioarteko jaialdirako egin zuen bideo-mapping proiektua azpimarratu daiteke, edota Iruñeako Udalarentzat egin zuen Le Souvernir d’AVA, beste askoren artean (ikusi bere ibilbidea www.angelsandimas.com-en).

Proiekzioak arrakasta izan dezan eta herritarrek ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dezaten, hiriko argiak itzali eta Ramon Maria Lili pasealekuko trafikoa itxiko da emanaldiak irauten duen bitartean. Ikuskizunaz gozatzeko lekurik onenak Argentinako Errepublika pasealekua (Maria Cristina hotelaren eta Victoria Eugenia antzokiaren artean) eta Santa Katalina zubia izango dira.

Proiekzio hau Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da. Kursaal Taldearen babesa ere jaso du.


 

Informazio gehiago nahi izanez gero, edota elkarrizketaren bat egin, jar zaitezte gurekin harremanetan:

 

Raquel López Viña

Komunikazio saila

EHAEO Gipuzkoa

Tel.: 943 320 194 / 649 107 123

komunikazioa@coavngipuzkoa.eus | www.coavnss.org

Bi euskal proiektu CSCAEren ARQUITECTURA sarien 21 finalisten artean

Prentsa oharrak - 2022ko ekainaren 21an, asteartea

  • Last Chance for a Slow Dance, Beñat Saratxaga Couceiro eta Gentzane Goikuria Irigoyenen proiektua, 2022ko EHAEO Sarietan saritua, eta Federico Soriano Peláez eta Maria Dolores Palacios Díazen Euskalduna Jauregia nabarmentzen dira 2022ko CSCAEren ARQUITECTURA sarietako finalisten artean.
  • 21 lan finalista, aurkeztutako 650 proiektuetatik, ARQUITECTURA Sarietarako hautagaiak dira. Guztira hainbat balore balioesten dituzten sei sari eta hiru sari berezi banatuko dira: Espainiako Arkitektura Saria, Espainiako Hirigintza Saria eta Iraunkortasun Saria.
  • Epaimahaiak balioetsi du Carme Pinòs eta Carlos Puenteren lanak lanbidean jarduteko bi modu konprometitu direla, kalitatezko arkitekturaren garrantzia islatzen dutenak eta obra berezien bikaintasunean eta fintasunean bat egiten dutenak.

 

2022ko ekainak 20. Carme Pinòs eta Carlos Puentek Arkitekturaren Urrezko Domina entzutetsua jasoko dute, Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenak (CSCAE) ematen duena. Aintzatespen horiekin batera, CSCAEk ARQUITECTURA Sarien lehen edizioko 21 lan finalistak ere iragarri ditu, besteak beste, Last Chance for a Slow Dance, Beñat Saratxaga Couceiro eta Gentzane Goikuria Irigoyen proiektua, 2022ko EHAEO Sarietan saritua, eta El Palacio Euskalduna, Federico Soriano Pelaez eta Maria Dolores Palacios Díazen lana. Finalera iristen diren proiektuek, 650 proposamenen artean, sei sari jaso ahal izango dituzte, eta honako balio hauek aitortuko dituzte: iraunkortasuna eta osasuna, Bauhaus Berria, konpromiso sozial eta etikoa, lanbidea, RE balioak (birgaitzeari, berritzeari eta berroneratzeari dagozkionak) eta habitata. Gainera, hiru sari berezi emango dira: Espainiako Arkitektura Saria, Espainiako Hirigintza Saria eta Iraunkortasun Saria.

Sariak banatzeko ekitaldia uztailaren 13an, asteazkena, izango da, 19: 30ean, CaixaForum Madrilen. Ekitaldia Errege Lorategi Botanikoan koktel batekin amaituko da, UNESCOren Munduko Ondarea den Argiaren Paisaiaren balioa azpimarratuz. Ekitaldi honekin itxiko da ARQUITECTURA Sarien lehen edizioa, gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa sortzen laguntzen duten arkitekturako edo arkitekturarekin zerikusia duten profesional guztien lana aintzatesteko.

Irabazleek sarien eskultura jasoko dute, "TOITS" diseinua, Jesus de los Ojos Moral, Jairo Rodríguez Andre, Manuel Fernández Catalina eta Ana Muñoz López arkitektoen lana, eta Obsidiana COMPAC enpresarekin egingo da. Marka horretako materialik jasangarriena da, teknologia aitzindariak inplementatu baitira eta mineralaren karga % 100 birziklatu eta beiraz osatuta baitago. Material hau Cradle to Cradle Certifie اBronze da, ekonomia zirkularraren premisak betetzen dituela bermatuz. Gainera, FX International Interior Design 2021 eta Sustainability Award 2020 erakundeek aitortu dute jasangarritasun eta diseinu eraginkorragatik.

 

BIRGAITZE-BULEGOEN BIDEZ HERRITARREK DOAKO AHOLKULARITZA JASOKO DUTE EUROPAKO ETA EUSKADIKO DIRU-LAGUNTZEI BURUZ

Prentsa oharrak - 2022ko maiatzaren 17an, asteartea

 

  • GAATE eta Gipuzkoako EHAEOk sustatzen duten ekimen berri honek Europako ‘Next Generation’ funtsen erabilera bultzatu nahi du, batez ere
  • Bi bulego hauek gaian adituak diren pertsonak gidatzen dituzten, eta Elkargoetako egoitzetan daude kokatuak: “Gure eraikinak birgaitzeko eta bizi-kalitate eta ingurumena hobetu, dirua aurreztu eta etxebizitzaren balioa handitzeko diru-laguntzak erabiltzeko unea da”.

 

 

Donostian, 2022ko maiatzaren 17an.

Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak (GAATE) eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak beren indarrak batu dituzte lehen aldiz, “aurrekaririk gabeko ekimen honetan”: birgaitze-bulego bana sortzea. Nagore Azuabarrena GAATEko lehendakariaren hitzetan, “birgaitzeko garaia iritsi da, diru-laguntzen sostenguarekin, Europatik etorriko direnak, argi baitago birgaitzearen aldeko apustua egin dela, eta kasu askotan laguntza horiek oso garrantzitsuak izan daitezke”. 

Aukera horren aurrean, bi Elkargoek aurrerapauso bat eman dute eta bulego bana eratu: “Administrazioak finantzatu ez duen ekimena da, baina uste dugu ezinbestekoa dela hainbat arrazoirengatik: lehena, ‘Next Generation’ laguntzek aukera paregabea ematen dutelako higiezinen parkea birgaitzeko”, adierazi du Juana Otxoa-Errartek, Gipuzkoako EHAEOren lehendakariak. 

Era berean, Azuabarrenak hauxe gaineratu du: “Laguntzengatik ez ezik, hainbat arrazoirengatik ere birgaitzeko unea da, hala nola eraikinen ehuneko handi batek ez duelako EITa pasa eta ez daude osasunez ondo. Dirua eta energia aurrezteagatik ere bai: gure poltsikoak nabarituko du, eta planetak eskertuko du”. Osasuna ahaztu gabe, gure eraikinak eragin zuzena baitu bertan bizi den pertsonarengan, zehaztu du Otxoa-Errartek. 

Bulego hauetan neurrirako aholkularitza eman nahi da: bost urtean Europatik etorriko diren Europako laguntza horietan 3.600 milioi euroko kudeaketaren kasu partikularrak aztertuko dira. Bulego horiek, beraz, ‘diru-laguntzen antenak’ izango dira, aurrez aurre nahiz telefonoz, eduki beharreko ezaugarri nahi jarraitu beharreko prozeduren berri emateko. Otxoa-Errartek dioenez, “sektorearen historian aukera paregabea” da eraikinak birgaitzeko, eta ez dugu inorrek aukera hori galtzea nahi.

 

Edozein pertsonentzako eta doakoa

Izan ere, jende guztiarentzako bulego irekiak dira, inolako kosturik gabe: “Herritarrentzat, jende arruntarentzat, auzotarren komunitateentzat eta arlo horretako teknikarientzat helburu honekin: aholkularitza jaso dezaten euren bezeroei zerbitzu hobea eman ahal izateko diru-laguntzen eskaerekin, eman beharreko urratsekin, esku-hartzen duten eragileek dituzten zereginekin…”, azaldu du Azuabarrena. 

Zehazki, Otxoa-Errartek azpimarratu du “oinarrizkoa dela birgaitzea kalitatezkoa izatea; eta arrazoi horrengatik langile kualifikatuek zuzendu beharko lituzkete obra hauek: “arkitektoek, aparejadoreek eta arkitekto teknikoek”. 

Halaber, bulegoetatik “praktika ez-egokien” inguruan ohartarazi nahi diete komunitate eta jabeei. “Kalte konponezinak egon daitezke eta diru asko dago jokoan”, dio Azuabarrenak.

Bi teknikari aurrez aurre zerbitzua ematean

Bi presidenteekin batera, bi teknikariak agertu dira prentsaurrekoan. Ainhoa Urangaren hitzetan, GAATEko birgaitze-bulegoaren arduraduna, “beste helburuetako bat da higiezinen parkea modernizatzea, birgaitzeari ekitea presazkoa baita eta COVIDaren krisiaren aurretik ezarrita zegoen erronka bat. Beraz, ‘Next Generation’ funts horiek 6.800 milioi eurotik gorako eraikinen birgaitze energetikorako zuzeneko laguntza izango dira. Kopuru horretatik, 3.400 milioi Espainian etxebizitzak birgaitzeko erabiliko dira”. Egin beharreko hobekuntzei dagokienez, adituak esan du “irisgarritasuna, kontserbazioa eta bizigarritasuna” direla.

 

Gauza bera esan du Unai Sarasolak, Gipuzkoako EHAEOren Errehabilitazio Bulegoko arduradunak: “Horietaz gain, Europako energia-estandarretara egokitu behar da, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta erritmo baxua baitugu. Horregatik, laguntza horiek bizkortu egingo dute eta sektorean lanpostuak sortzen lagunduko dute, jakina. Ahaztu gabe, hobetu egiten dela gure bizi-sistema eta ingurumena”. Sarasolak azpimarratu du garaia orain dela: “Aukera gisa ikusi behar da, baina baita herritarrei helarazi behar zaien betebehar gisa ere, funts horiek gal ez daitezen; gero nahitaezko izango baita, eta, ez da diruz lagunduko”.

 

Hori dela eta, arkitekto, aparejadore, eta arkitekto teknikoak gai dira lan horiek egiteko: “Gure prestakuntzagatik eta gure ikuspegi holistikoarengatik, esparru honetan ekarpenak egin ditzakegu, eta funtsezko zeregina dugu herritarrei laguntzeko orduan”, dio Sarasolak.

Urangak, azkenik, honako hau adierazi du: “Garrantzitsua da pedagogia egitea; denek irabazteko asko dugu birgaitzearekin; eta kalitatezkoa izan dadila. Hobekuntza horiek bizi-kalitatean eta energia-kostuen jeitsieran eragingo dute, hau da, kostu ekonomikoetan”.


 

Birgaitze-bulegoetako datu praktikoak:

 

-- Gipuzkoako EHAEO

 

Arduraduna: UNAI SARASOLA

 

Helbidea: Frantzia paselalekua, 11 - Donostia

Ordutegia: Astelehen-ostegun: 15:00 a 19:00 / Ostiralak: 9:00 a 13:00

Tel.: 688 830 453

H. el.: info@coavngipuzkoa.eus

 

--GAATE

Arduraduna: AINHOA URANGA

Helbidea: Gernikako Arbola, 21 Donostia.

Ordutegia: Astelehen-asteazken: de 15:30 a 18:00 / Osteguna-ostirala: de 9:00 a 14:00

Tel.: 843 98 52 25

H. el.: oficinarehabilitacion@coaatg.org

PRENTSA-DEIALDIA: Birgaitze-bulegoen bidez herritarrek doako aholkularitza izango dute Europako eta Euskadiko diru-laguntzei buruz

Prentsa oharrak - 2022ko maiatzaren 16an, astelehena

  • GAATE eta Gipuzkoako EHAEOk sustatzen duten ekimen berri honek Europako ‘Next Generation’ funtsen erabilera bultzatu nahi du batez ere
  • Gaian adituak dituzten bi bulego dira, eta Elkargoen egoitzetan daude kokatuak: “Gure eraikinak birgaitzeko eta bizi-kalitate eta ingurumena hobetu, dirua aurreztea eta etxebizitzaren balioa handitzeko diru-laguntzak erabiltzeko unea da”.

 

“Orain da unea, gero nahitaezko bihurtuko baita, eta, beraz, ez da diruz lagunduko”. Aukera horren aurrean, bi elkargo profesionalek —Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritza eta Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoa— beren indarrak batu dituzte lehenengo aldiz “aurrekaririk gabeko ekimen baten” bidez, eta birgaitzeko bulego bana sortu dute. Bulego hauetan neurrirako aholkularitza eman nahi da: Kasu partikular bakoitza aztertuko da Europatik etorriko diren ‘Next Generation’ izeneko bost urtetan 3.600 milioi kudeaketarako.

Bulego horiek, beraz, “diru-laguntzen antenak” izango dira, fisikoki nahiz telefonoz jarraitu beharreko ezaugarri eta prozeduren berri emateko. Eraikinak birgaitzeko “aukera paregabea sektorearen historian”, “inori ihes egitea” nahi ez dutena.

Eguna: Maiatzak 17, asteartea

ORDUA: 10:00

LEKUA: Koldo Mitxelena Kulturunea (Ekitaldi aretoa)

Egongo dira:

Nagore Azuabarrena, GAATEko presidentea

Juana Otxoa-Errarte, presidenta COAVN Gipuzkoa

Ainhoa Uranga, GAATEko Birgaitze bulegoko arduraduna

Unai Sarasola, Gipuzkoako EHAEOren Birgaitze-bulegoko arduraduna

25-tik 32-ra guztira: 108

Informazio gehiago nahi baduzu, edota arkitekto edota zuzendaritza batzordeko kideren batekin elkarrizketa bat hitzartu, jarri zaitez gurekin harremanetan:

Komunikazio saila
comunicacion@coanvss.org
telf.: 943 320 194

Gipuzkoako EHAEO
Frantzia pasealekua, 11
20012 Donostia-San Sebastián

Agenda


Hurrengo ekitaldiak