2025ko azaroaren 18an, asteartea
Donostian, 2025eko azaroaren 18an
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako Ordezkaritzako Kultura Batzordeak Gipuzkoako lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa- eta eztabaida-zikloaren 2025eko edizioa itxiko du ostegun honetan (azaroak 20), Turismoaren eragina hirian izeneko jardunaldiarekin. Topaketa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Hondarribiko Kultur Etxean (Denda kalea, 18), eta David Bravo, Enrique Antolín, Estitxu Urtizberea eta Libe Otegui izango dira hizlariak, hirigintza, soziologia, lurralde antolaketa eta turismoaren esparruetan ibilbide luzea duten profesionalak. Hitzaldien ostean, Mikel Azkona arkitekto doktoreak moderatuko duen eztabaida hasiko da.
Edurne Aperribay Gipuzkoako EHAEOko lehendakariak, Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak emango diote hasiera saioari. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztientzat irekita dago, baina plazak mugatuak dira, beraz, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da Gipuzkoako EHAEOren webgunean.
Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren babesa du, eta, jardunaldi honetarako, baita Hondarribiko Udalarena ere.
Turismoa eta hiriari buruz jardunaldia
Gipuzkoak bere lurralde eta hiri ereduaren eraikuntzan erronka handiak ditu, eta horiek aztertzen dituen 2025eko zikloa ostegun honetan amaituko da, Turismoaren eragina hirian XIV. jardunaldiarekin. Hondarribiko kultur etxean izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera. Saio honek turismoak Gipuzkoan sortzen duen aztarna izango du ardatz. Ikuspegi horretatik, gaurkotasun osoa duten gaiak jorratuko dira, hala nola turismo eredua, baliabideen kudeaketa eta banaketa, mugikortasun azpiegitura handien papera, saturazio egoerak, etxebizitza turistikoa eta honek merkataritzan duen eragina, tokiko izaera edo hizkuntzarena ere. Helburua da arkitekturatik eta hirigintzatik ekarpentak egitea, fenomeno horiek hirian duten eragina hobeto ulertzeko.
Errealitate horri buruz hitz egiteko eta erronka horiek aztertzeko, David Bravo arkitekto hirigileak, Enrique Antolín soziologian doktoreak, Estitxu Urtizberea Hondarribiko Udaleko Lurralde Antolamendu eta Hiri zinegotziak eta Libe Otegui Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak hitz egingo dute. Hitzaldiek begirada teknikoa eta osagarria eskainiko dute, bakoitza bere arlotik. Ondoren, hizlarien eta publikoaren arteko solasaldia izango da, Mikel Azkona arkitekto doktoreak moderatuta.
Ziklo honi buruz
Gipuzkoako EHAEOk lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa- eta eztabaida-ziklo hau 2022aren amaieran jarri zuen abian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Sailarekin elkarlanean. Harrezkero, interes handia piztu dute jardunaldiek, eta lurraldeak dituen erronken inguruko azterketa eta elkarrizketarako gune bilakatu dira. 2026an programazioa zabaltzen jarraitzea aurreikusten da, gaurkotasuneko topaketa eta gai berriekin, bai Donostian, bai Gipuzkoako beste udalerri batzuetan. Orain arte egindako saioen bideoak Gipuzkoako EHAEOren YouTube kanalean ikus daitezke.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:
Raquel López
Komunikazio saila · EHAEO Gipuzkoa
T. 943 320 194 · Email: komunikazioa@coavngipuzkoa.eus
OHARRA: Hizlarien biografiak hemen ikus ditzakezu.