2026ko maiatzaren 26an, asteartea
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura Batzordeak hausnarketa eta eztabaida jardunaldi berri bat antolatu du: Pasaia: portua eta hiri zatiketa. Topaketa ostegun honetan, maiatzaren 28an, izango da, 18:00etan Donibaneko kultur etxean, Pasaian. Oraingo honetan, profesional eta ordezkari instituzionalak bilduko dira portuaren eta udalerriaren hiri-garapenaren arteko harreman historikoa eta egungoa aztertzeko. Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Plangintzako diputatuak, Edurne Aperribay Gipuzkoako EHAEOren lehendakariak eta Teo Alberro Pasaiako alkateak emango diote hasiera ekitaldiari. Ondoren, gaian adituak diren Iñaki Ormazabal eta Pablo de la Hoz arkitektoen eta David Candelario portuko zuzendariaren hitzaldiak izango dira. Hitzaldien ostean, Izaskun Salaberria arkitektoak gidatutako solasaldia izango da. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztientzat irekita dago, baina plazak mugatuak dira, beraz, aldez aurretik izena eman behar da Gipuzkoako EHAEOren webgunean.
Gipuzkoako EHAEOk antolatutako hurrengo hausnarketa- eta eztabaida-jardunaldiaren helburua da aztertzea nola egituratzen den Pasaia bezalako lurralde bat, portuko jardueraren, hiri-sarearen eta herritarren eguneroko bizitzaren arteko elkarbizitza estuak markatua. Hainbat hitzaldiren eta ondorengo eztabaidaren bidez, lurralde-plangintzarekin, arkitekturarekin eta portuak Gipuzkoaren etorkizunean izan dezakeen zeregin estrategikoarekin lotutako gaiak landuko dira. Iñaki Ormazabal, Pasaiako udal arkitekto ohia; Pablo de la Hoz, arkitektoa eta Pasaiako Portuko Plan Bereziaren egilekidea; eta David Candelario, Pasaiako Portuko egungo zuzendaria, izango dira gaiaren inguruan hitz egingo duten aditu gonbidatuak. Hitzaldien ostean, Izaskun Salaberria arkitektoak moderatutako eztabaida mahaia izango da, eta publikoari ere parte hartzeko aukera emango zaio.
Jardunaldian parte hartzea doakoa eta irekia izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da Gipuzkoako EHAEOren webgunean.
Topaketaren amaieran, bertaratutakoek mokadutxo bat partekatu ahal izango dute gertuko establezimendu batean.
Jardunaldi hauei buruz
Gipuzkoako EHAEOk 2022aren amaieran antolatzen hasi zen lurralde- eta hiri-ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldien hamaseigarren topaketa da hau, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketa departamentuaren laguntzarerekin, eta oraingo honetan, Pasaiako Udalarekin ere. 2026an guztira lau jardunaldi egingo dira, eta hau izango da bigarrena. Lehenengo jardunaldia joan den apirilean egin zen, eta bertan Auditz Akularren inguruari buruz hausnartu eta eztabaidatu zen.
Hurrengo hitzorduak uda ostean izango dira. Zehazki, irailaren 24an HAPOa auzitan izeneko jardunaldia egingo da Gipuzkoako EHAEOren Donostiako egoitzan; 2026ko edizioa azaroaren 24an Auzoen berroneratzea topaketarekin amaituko da, Errenterian egitea aurreikusten dena.
Jardunaldi guztiak grabatuta daude eta EHAEO Gipuzkoaren YouTube kanalean ikus daitezke.