2025ko urriaren 03an, ostirala
Urtero legez, urriaren lehenengo astelehenean Arkitekturaren Mundu Eguna ospatzen da eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzaren ondarearen batzordeak ez du huts egin nahi izan. Egun horretan bertan, 12:00etan, bi DOCOMOMO plaka jarriko ditu Donostiako Ondarreta auzoan dauden Eduardo Lagarderen etxe banatan: Villa Conchita eta Villa Emilia. Egun honen inguruko programazioak hilabete osoan zehar jarraituko du, doako hiru bisita gidaturekin: urriaren 18an Irungo Oteiza eta Basterretxearen etxe-tailerraren kanpoaldea bisitatuko da; urriaren 25ean Eibarko bizikleta-fabrikak bisitatuko dira, eta urriaren 29an Donostiako Artzain Onaren katedrala bisitatuko da.
2025eko Arkitekturaren Mundu Egunaren programazioa urriaren 6an hasiko da, 12:00etan, Villa Conchita eta Villa Emilia hartzen dituen eraikinean bi DOCOMOMO plaka jarriz. Eduardo Lagarderen lana da, eta 1932 eta 1934 artean eraiki zen. Gipuzkoako hiriburuko Ondarreta auzoan (Infante don Jaime kalea) kokatuta dagoen eraikin hau, 1925 eta 1965 artean eman zen Mugimendu Modernoaren adibide argia da. Aitortza ekitaldian, honako hauek hartuko dute parte: Edurne Aperribay, Gipuzkoako EHAEOren lehendakaria; Estanislao Fernández, Ondarearen batzordeko kidea; Eduardo Lagarderen senitartekoak eta Ana Azpiri, Historian doktorea Mugimendu Modernoaren txalet bat izeneko hitzaldia eskainiko duena. Ekitaldia amaitzeko, Poetika elkarteak egun horretarako berariaz prestatutako emanaldi bat eskainiko du. Parte-hartzea doakoa da, baina antolatzaileek aldez aurretik izena ematea eskertzen dute, Gipuzkoa EHAEOren webgunean dagoen formularioaren bidez.
DOCOMOMO fundazioa ‑Documentation and Conservation of building, sites and neighbourhoods of the Modern Movement (Mugimendu Modernoaren eraikin, ingurune eta auzoen dokumentazioa eta kontserbazioa)‑ 1990ean sortutako nazioarteko erakundea da, eta XX. mendeko ondare arkitektoniko modernoa inbentariatu, zabaldu eta babestea du helburu. Gipuzkoako EHAEOa fundazio honen laguntzaile aktiboa da. Horregatik, eta Gipuzkoako Mugimendu Modernoaren arkitekturari balioa emateko, egiten du lan erakunde honekin.
Bisita komentatua Oteiza eta Basterretxea etxe-tailerrean
Mugimendu Modernoaren arkitektura herritarren artean zabaltzen jarraitzeko asmoz, Gipuzkoako EHAEOk beste bi jardueratan parte hartu du. Lehenengoa urriaren 18an izango da, 11:00etan, Irungo Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen etxe-tailer historikoaren inguruan. 1956an eraiki zuen Luis Vallet de Montano arkitektoak, eta duela gutxi erosi du Irungo Udalak. 1957 eta 1974 urteen artean bi artistek bizi eta lan egin zuten gune hau, euskal kultur berrikuntzan giltzarri izan ziren GAUR, Frontera Films eta Ez Dok Amairu bezalako kolektiboek bultzatu zuten sormen gunea izan zen. Eraikina berreskuratzeko ekintza publikoa egingo da, manifestu bat irakurriko da eta bisita komentatua egingo da etxe-tailerraren kanpoaldetik.
Eraikina DOCOMOMO plakarekin aintzatetsi zen 2020an Gipuzkoako EHAEOren ekimenez, bere balio arkitektonikoagatik, baina orduan ezin izan zen jarri eraikinaren egoeragatik.
Jarduera CTOB-TEOB Grupo Casa-Taller Oteiza/Basterretxea eta AHIKU erakundeek antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzaren laguntzarekin. Parte-hartzea doakoa da eta herritar guztiei dago zabalik, baina aurretiko izen-ematea eskertzen da.
Eibar: Bizikletaren arkitektura
Hurrengo jarduera Eibarren izango da, urriaren 25ean, bi bisita gidaturekin, Joseba Aranzabal arkitektoaren eskutik, non mugimendu modernoak protagonismo berezia hartzen duen. Eibar ezaguna da armagintzan izan zuen iraganagatik, baina 1920ko krisiaren ondoren industria berri bat jaio zen, hiria eraldatu zuena: bizikleten fabrikazioa. ORBEA, GAC, BH, ABELUX, CIL, GAMMA, ZEUS edo ECHASA markek arrastoa utzi zuten tokiko arkitekturan eta hirigintzan, gaur egun oraindik nabaria dena.
Jarduera hau Eibarko Udalak antolatu du, Gipuzkoako EHAEOren laguntzarekin, eta interesa duten pertsonek izena eman ahal izango dute 11:00etako bisitan (gaztelaniaz) edo 12:30ekoan (euskaraz). Topagunea Eibarko Coliseo Antzokia izango da.
Hiru jarduera horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondarearen Europako Jardunaldien programaren parte ere badira.
Artzai onaren katedralera bisita
2025eko Arkitekturaren Mundu Egunaren programazioarekin amaitzeko, Donostiako Artzain Onaren Katedralera bisita gidatua antolatu da, Aitor Zubia Azkue arkitektoaren eskutik.
Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoaren egoitzan hasiko da jarduera, sarrera-hitzaldi batekin. Ondoren, bertaratutakoak Artzain Onaren Katedralera joango dira, bertako espazioetan ibili eta zaharberritze berriaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Bisita amaitzeko, kanpandorrera igo eta hiriaren panoramikaz gozatzeko aukera izango da. Bisita interesa duten pertsona guztiei irekita dago, baina edukia teknikoa izango da.
Parte-hartzea doakoa da, baina gehienez 15 lagunentzako lekua dago. Beraz, plaza baino izen-emate gehiago egonez gero, zozketa egingo da. Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da.
Informazio gehiago jasotzeko edo elkarrizketaren bat hitzartzeko, jarri gurekin harremanetan:
Raquel López Viña
Komunikazio saila | EHAEOGipuzkoa
Tel.: 943 320 194 / 649 107 123
komunikazioa@coavngipuzkoa.eus | www.coavnss.org