Gipuzkoako arkitektoak
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa Gipuzkoan

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo ofizialak eta bere lau ordezkaritzen 17.900 euro bideratu dituzte gizarte arloko 11 proiektu sustatzera


2020ko otsailaren 11an, asteartea

  • Lankidetza eta garapen proiektuetara zuzendutako partidak tokiko elkarteen artean banatu dira, Ascudean edo Nafarroako Elikagaien Bankua, besteak beste; eta baita Guatemalan, Txaden, Hondurasen, Mexikon edo Etiopian egingo diren nazioarteko proiektuetara ere.
  • EHAEOk orokorrean, bere ordezkaritzetatik egindako ekarpenen bitartez, laguntza jasotzen duten udalerrien eta lurraldeen gizarte garapenerako funtsezkoak diren proiektuak garatzen lagundu nahi du.

 

2020ko otsailaren 11n. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) eta berau osatzen duten lau ordezkaritzek –Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa– 17.903,50 euro bideratu zituzten iaz hainbat gizarte proiektu finantzatzeko. Guztira, 2019an, tokiko zein nazioarteko 11 lankidetza eta garapen proiektu lagundu ziren. 

Matxalen Acasuso EHAEOko dekanoak adierazi duenez, "gizarte arloko 11 proiektu horiek gure eginkizuna indartu baino ez dute egiten, hau da, arkitektoek lurraldea eta pertsonen bizitza hobetzeko orduan egin dezakegun lana". 

2019an, EHAEOko Dekanotzak gizarte arloko hiru proiektu finantzatu zituen, eta 5.499 euro bideratu zituen horietara. Proiektuetako bat Guatemalan garatzen da, San Pablo udalerrian, Santo Domingo II Baserri-Eskolako eskolaurreko umeen osasun-baldintzak indartzeko proiektuan lagunduz. Finantzatutako beste proiektu bat, Guéra-n (Txad) oinarrizko hezkuntza indartzeko prestakuntza-zentro bat eraikitzea izan da. Azkenik, Liberian, baztertuta dauden emakumeentzako osasun mentaleko proiektu bati lagundu zaio. 

Bestalde, EHAEOren Nafarroako Ordezkaritzak aurrekontuaren % 0,7 lankidetza proiektuetan laguntzera bideratzen du urtero. 2019an, 5.000 euro bideratu zituen 4 proiektu finantzatzeko: Hondurasko Santa Rosa de Copán nekazari inguruko ama-etxea birgaitzea; Santa Anan El Salvadorreko gazteen hezkuntza-kalitatea eta prestakuntza integrala hobetzea; Guatemalako San Pablo udalerrian dagoen Alba Teresa Castillo ikastetxeko eskolaurreko osasun-baldintzak hobetzea; eta, azkenik, urtero Nafarroako Elikagaien Bankuari egiten zaion dohaintza.

Urtero, Bizkaiko Ordezkaritzak 3.000 euro bideratzen ditu lankidetza eta garapen proiektu mota horiek finantzatzera. Iaz 1.500 euro eman ziren "Kikonkan (Kongoko E.D.) Saneamendurako Eskubidea Osorik Gozatzen Lagunduz" proiekturako, eta beste 1.500 euroak "Tochimilcoko udalerriko Tochimizolcoko Komunitateko (Puebla Estatua, Mexiko) Eskola Birgaitzea" proiektura zuzendu ziren.

Gaba Kemisako (Etiopia) Bacho Walmara ikastetxe publikoan hezkuntza-azpiegiturak handitzea izan zen EHAEOren Gipuzkoako Ordezkaritzak hautatutako proiektua, eta 2.500 eurorekin finantzatu zen. Proiektu horren helburu nagusia Gaba Kemisan eta Bacho Walmara ikastetxe publikoaren eraginpeko gunean biztanle guztientzat oinarrizko hezkuntzarako eskubidea lortzen laguntzea da. Horretarako, leku horrek duen behar nagusia azpiegitura duinak, seguruak eta denboran iraungo dutenak edukitzea da. Horrela bada, Gipuzkoako EHAEOren ekarpenak ikasgela-eraikin berria eraikitzen eta beratarako altzariak erosten lagunduko die. 

Azkenik, Arabako Ordezkaritzatik, 1.904,50 euroko urteko ekarpena, mendekotasuna duten pertsonen irisgarritasun-baldintzak hobetuko dituzten etxea eta espazioa egokitzeko laguntzetara bideratu zen. Hori guztia, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiek 2001ean sortutako Ascudean elkarteak kudeatzen du. Euskadin ezaugarri horiek dituen elkarte bakarra da, eta kolektibo horren zerbitzu-zorro zabala eskaintzen du.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, orokorrean, lankidetza eta garapen proiektuak finantzatzen ditu urtero bere ordezkaritzetatik. "Dekanotzak eta EHAEO osatzen duten probintzietako ordezkaritzek egindako ekarpenen bitartez, gure hondar-alea jarri nahi dugu, eta laguntza jasotzen duten udalerrien eta lurraldeen garapen sozialerako funtsezkoak diren proiektuak garatzen lagundu", adierazi du EHAEOko dekanoak.

Agenda


Hurrengo ekitaldiak

04 - 24

Liburu aurkezpena + solasaldia: "Una vida y veinte fragmentos", María Ángeles Durán Lekua: UPV/EHU. Arkitektura Eskola. Espacio HABIC Aretoa (Oñati plaza, 2 - Donostia) Ordua: 18:00 2024ko apirilaren 24an, asteazkena

Twitter