2010ko azaroaren 02an, asteartea
ARKITEKTURA: FILM MINTZAIRAK. KULTURA ETA NATURA
Kultura ez da gure izaera, ez;
kultura gure izaerari dagokion zerbait da,
eta horrek egiten du zail gure bizitza.
Terry Eagleton
Arkitektura: film-mintzairak programaren edizio honetan, hainbat aditu hartuko ditugu gurean. Arkitektura, ikusizko ikasketa edo ekologiaren moduko arloetan izan dituzten praktiketatik, kulturaren eta naturaren artean ezartzen diren harreman zailei buruz arituko dira hizketan, oinarri hartuz natura kulturaren “bestea” ez dela eta, aldiz, haren barruan dagoela eta “giza subjektua alderik alde zeharkatzen” duela.
Hizkuntza gabeko animaliek haien habitatetik askatzeko, horiek gainditzeko edo horietatik babesteko ahalmen mugatua duten bitartean, kultura-animaliak, gure baldintzak gainditzeko ezinean, bizirauteko behar duguna suntsitzeko arriskua dugu, dela gure ingurune materiala, dela gure kolokako gorputz zaurgarriak. "Natura menderatzeko gure ahaleginak hondamendia eragin dezakeen burujabetza ematen digu", Nietzschek dioenez.
Zinemak eta arkitekturak, batzuetan, lurralde-antolamendua eta espazio publiko eta pribatuen eraketa merkatu libre suntsigarri, agortzaile, biziki espekulatzaile eta antidemokratikoaren eskuetan uzten lagundu duten arren, beste batzuetan, “hazkundeari mugak” ez jartzeak eragiten dituen arriskuez ohartarazi digute.
Zinemak eta arkitekturak azken gai horri emankorki heldu diotenean (alderdi semiotikoa eta somatikoa bateratzeko modua, gure eta gure ingurunearen arteko distantzia hurbiltzeko modua aztertuz), soilik pixkanakako hazkundeari eutsiz iraun dezakeen sistema kapitalistaren aurrean ekimena berreskuratzeko moduak proposatuz, horrelakoetan, bere burua adieraztearren, diziplina batek bestea baliatu izan du maiz. Izan ere, beharbada etxeak, hiriak eta paisaiak, baita gizarte batek hartutako garapen-ereduak ere, islatzen eta baldintzatzen dute beste ezerk baino hobe gizarte horrek eraikitzen duen gizabanako mota. Zinemak, aldi berean, beste edozein bitartekok baino hobe azter ditzake kapitalismoak hiriarekin daukan erlazio anbiguoaren ezkutuko arrazoiak, baita bere biztanleen nahiak atzemateko, laburbiltzeko eta kontrolatzeko bere egungo ahalegina ere.
Jardunaldi hauetara gonbidatutako egileek hainbat lan, dokumentu eta film aurkeztuko dituzte eta, horietan, haiei galdera batzuk egiteko eta beharbada erantzun batzuk emateko balio izan dieten elkartrukeen joko batek zinemaren eta arkitekturaren arteko harremanak baldintzatzen ditu. Galdera-erantzun hauei heltzen diete: Non ezarri gure gaitasunen eta gainditzen dituen gainontzeko bizitzaren artean? Nola konpondu gure harreman gatazkatsua animalia sinbolikoak eta, aldi berean, gorputzezkoak garen, ahalguztidunak izan gaitezkeen baina benetan mugatuak garen neurrian? Nola baliatu gizarte-helburuak lehiaren logikaren mendeko egiten dituen hirigintzaren ukapenak eta erresistentziak berritasunari gogor egiten dion ikuspegi zorrozki “naturalista” batean murriztuta geratu gabe?
Edizio honetan, iazko formatuari lotuko gatzaizkio, bi zatitan banatutako lau saiorekin: lehenengoa, arratsaldeetan, gonbidatutako hizlariek aukeratutako filmen aurkezpen publikoaz; bigarrena, berriz, biharamunean, hausnarketako gaiekin erlazionatutako beste material batzuen analisiaz lagundutako eztabaida- eta solas-tailer bat dituela. Aurten, gainera, “Hondarra eta ahotsa” jarduera paraleloa jarriko dugu martxan eta, bertan, tailerren ondoren, parte hartzeko modua izango da.
Arratsaldeko saioak irekita daude jende interesatuarentzat.
Goizeko eztabaida-jardunaldietara bertaratzeko, aldez aurretik izena eman behar da. Inskribapen-ordenaren arabera egingo da onarpena, edukiera bete arte.
Zure kontsulta bidalia izan da eta eperik motzenean erantzungo zaizu. Eskerrik asko gurekin kontaktuan jartzeagatik.