2026ko martxoaren 05an, osteguna
Lekua: EHAEO Gipuzkoa. Frantzia pasealekua, 11 (Donostia)
Ordua: 19:00
Mota: Kultura

Gipuzkoako Arkitektoen Elkargo Ofizialak Oihana Zelaia arkitekto gipuzkoarraren BRUTALA erakusketa hartuko du.
Inaugurazio ekitaldia datorren ostegunean izango da, 19:00etan, Gipuzkoako EHAEOren egoitzan (Frantzia pasealekua, 11 - Donostia).
Erakusketa 14 lanek osatzen dute, Euskal Herriko paisaian aurki ditzakegun beste hainbeste eraikin industrial eta brutalistetan inspiratuak.
Topaketan, egilearen helburua eta erakusketa osatzeko egin den ekoizpen prozesua azalduko dira.
Topaketaren ondoren lunch txiki bat eskainiko da.
Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.
Erakusketa honi buruz
Brutalismoa arkitekturan itsusi, anker eta gehiegizkotzat uler daiteke. Hala ere, bere oinarria zintzotasuna da, eraikina sostengatzen duten egiturak berak erakutsiz bere kanpoko itxuraren elementu definitzaile gisa. Beraz, teknika eta estetika elkarren mendekoak dira; arkitektura-jardueraren gardentasuna erabatekoa da.
Zintzotasunaren bilaketa horretan jarraituz, arkitektura industriala puruena da bere funtzio hutsa definitzen dutenak baino asmo gehiago ez erakusteari dagokionez. Kasualitatez, Euskal Herriaren testuinguruan ere, presentzia eta funtzio sozial handiena izan duenetarikoa da, eskualdearen industrializazio altua dela eta. Eraikin industriala eskualdeko biztanleen egunerokotasunaren parte da, eta horrela definitzen du euskal nortasun arkitektonikoaren zati handi bat. Frankismoak abangoardia arkitektonikoei zegokienez suposatu zuen atzerapenarekin, industriala izan zen gaitz honek ukitu ez zuen arkitektura bakarrenetakoa, mugimendu modernoak 20ko hamarkadan sortutako aginduei jarraipena emanez eta estatu mailan basatasunaren formak hartzen lehenetarikoa izanez.