2025ko martxoaren 07an, ostirala
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura batzordeak, Gipuzkoako etorkizuneko lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldien ziklo berri bat zabalduko du, Hiriko itsas-frontea aldaketa klimatikoaren aurrean jardunaldiarekin. Topaketa datorren martxoaren 20an (osteguna) egingo da Zarauzko Santa Klara Komentuan, 18:00etatik aurrera eta gaian adituak diren Gemma García, Jesús Arcos eta Patxi Gastaminza izango dira. Ondoren Daniel Carballo arkitektoak moderatutako solasaldia izango da. Sarrera doakoa da eta herritar guztiei dago irekita, baina lekuak mugatuak direnez, aurretik Gipuzkoako EHAEOren webgunean izena ematea beharrezkoa da. Ekimen honek Gipuzkaoko Foru Aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde antolaketa departamentuaren eta Zarauzko Udalaren laguntza jaso du.
Ziklo honen 2025eko edizioari hasiera emateko, klima-aldaketa kostaldeko herrietan nola eragiten ari den aztertuko da. Zehazki, Gipuzkoako itsasertzari eragiten dion inpaktu garrantzitsua aztertuko da, baita aurre egin beharreko erronkoei ere, modu integral eta orekatuan heldu beharko litzaiekeenei. Olatuen aldaketak, marea meteorologikoak, itsas mailaren igoera eta haizeak eragindako aldaketak mehatxuak dira kostaldeko azpiegiturarentzat, itsas ekosistemarentzat eta kostaldean dauden nukleoetako biztanleen eguneroko bizitzarentzat. Horregatik, funtsezkoa da planteatutako irtenbideek eragin negatiborik ez izatea espazio publikoan eta, beraz, herritarrengan.
Errealitate honi buruz eta aurrean ditugun erronkei buruz hitz egiteko, hiru adituk hartuko dute parte: Gemma Garcíak, Jesús Arcosek eta Patxi Gastaminzak. Hizlari hauek ikuspuntu teknikotik landuko dute gaia. Ondoren, hizlarien eta publikoaren arteko solasaldia izango da, Daniel Carballo arkitekto doktoreak moderatuta.
Datozen jardunaldiak
Gipuzkoa EHAEOk 2022aren amaieran antolatzen hasi zen lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldien hamargarren topaketa da hau (2025eko lehena). Aurten 5 jardunaldi egingo dira guztira, eta dagoeneko finkatu dira hurrengo topaketen datak eta gaiak: apirilean eta maiatzean Hiri eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035 jardunaldiak jorratuko dira, bata ordezkari politikoekin eta bestea hirigintzako adituekin, eta Donostian egingo dira; irailean, Easoko Trenbide zabalgunearen etorkizunaz eztabaidatuko da, Donostian bertan ere. 2025eko zikloa azaroan itxiko da, Turismoa eta hiria jardunaldiarekin, Hondarribian.
Zure kontsulta bidalia izan da eta eperik motzenean erantzungo zaizu. Eskerrik asko gurekin kontaktuan jartzeagatik.