2022ko otsailaren 22an, asteartea
Martxoaren 8ko ospakizunak direla eta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak hitzaldi berezi bat antolatu du Ana Falú, arkitekto eta gizarte-ekintzaile argentinarrarekin: Ciudades para convivir. El derecho de las mujeres a la ciudad (Elkarbizitzarako hiriak. Hiriarekiko emakumeen eskubidea). Falúk 40 urte baino gehiago daramatza borrokan emakumeen eskubideak hirigintzatik aldarrikatzen. Nazioartean oso ezaguna da, ikerketa-ibilbide luzea egin baitu unibertsitatean eta NBE Emakumeak n lanean. Hitzaldian hiri-diseinuak, mandatu patriarkalak erreproduzitzean, emakumeen aurkako indarkerian maila guztietan nola eragiten duen azalduko du, hirirako eskubidea mugatzeak/kentzeak dakarren indarkeriatik hasita. Argentinarra aurkezten Juana Aranguren abokatua izango da, emakumeen eskubideen defentsan, familia gaietan eta indarkeria sexistaren arloan aditua.
Hitzaldia Gipuzkoako EHAEOren egoitzan (Frantzia pasealekua, 11 – Donostia) izango da, 18:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da. Hala ere, aldez aurretik izena eman beharko da Gipuzkoako EHAEOren webgunean, leku-kopurua mugatua baita. Hitzaldia online jarraitzeko aukera ere zabalduko da.
HIZLARIEI BURU
Ana María Falú (Tucumán, Argentina) arkitektoa, akademikoa, ikertzailea eta giza eskubideen eta emakumeen eskubideen aldeko gizarte-ekintzailea da. Kordobako (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko irakasle emeritua, NBE Emakumeak (UNIFEM oiha) erakundeko zuzendaria izan da eskualde andinoan (2002-2004) eta Brasil eta Hego Konoko herrialdeetan (2004-2009); baita ere Etxebizitza eta Habitata Ikertzeko Institutuko zuzendaria 2019 arte. Ikerketa eta ekintza feministaren arloan, ekimen instituzional ugari bultzatu ditu, eta 80ko hamarkadatik aurrera, emakumeen eskubideak hirirako, etxebizitzarako eta habitaterako ezartzen lagundu du. Latinoamerikako Emakume eta Habitat Sarearen sortzaileetako bat da, emakumeen eskubideen aldeko beste eremu akademiko eta ekintzazkoen artean. Borrokalari nekaezina, emakumeak hirian eskubide osoz sartzeko dituzten zailtasunak aldarrikatzen ditu: “Emakumeak arlo publikoan erabat sartzea zailtzen duen faktoretako bat da emakumeen aurkako indarkeria, eta horrek berak emakumeek hirira sartzeko eskubideak murrizten ditu. Ekarpen teoriko feministei esker ulertu ahal izan dugu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-harremanak lurraldearen, etxebizitzaren, auzoaren, hirien eskala ezberdinetan nola gertatzen diren”. 2013an Ibilbide Feminista saria eman zioten Argentinako beste emakume batzuekin batera. Gaur egun, Argentinako sistema zientifikoan ikertzen darrai eta mundu osoan zehar hitzaldiak ematen ditu.
Juana Aranguren (Bilbo) familia-gaietan eta indarkeria sexistaren arloan emakumeen eskubideen defentsan aditu gisa jardun du abokatutzan 1978tik 2020ra. 1991n Emakunderen Aholkularitza Juridikoko burua izan zen. 2004az geroztik familia-bitartekaria ere izan da. Aktibismo feminista 1980ko hamarkadan hasi zuen Donostiako Emakumeen Asanbladan eta Donostiako Talde Feminista Independentean. 1995ean, Plazandreok plataforma politiko feministaren sortzaileetako bat izan zen. 2002tik Euskal Herriko Unibertsitateko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterreko irakaslea da.
Zure kontsulta bidalia izan da eta eperik motzenean erantzungo zaizu. Eskerrik asko gurekin kontaktuan jartzeagatik.