Gipuzkoako EHAEOk Mugimendu Modernoaren inguruko bi jarduera antolatu ditu Arkitekturaren Mundu Eguna ospatzeko
2026ko irailaren 30
Urtero legez, urriko lehen astelehenean Arkitekturaren Mundu Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzaren Ondare Batzordeak bat egingo du ospakizun horrekin, Mugimendu Modernoaren arkitekturan eta Gipuzkoan duen ondarean ardaztutako dituen bi jarduerekin.
Programazioa 12:00etan hasiko da, Coca-Colaren lantegi zaharrean (gaur egun Rekalde Berri Beilatoki Errausketa-labea, Donostiako Errekalde auzoan kokatua) DOCOMOMO plaka bat jarrita. Arratsaldean, 19:30ean, Gipuzkoako EHAEOren egoitzan Etxe-tailerraren elkarrizketak: artea, arkitektura eta memoria mahai-ingurua egingo da, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistek Irunen partekatu zuten etxe-tailerrari eskainia. Luis Vallet de Montano arkitektoak diseinatu zuen espazioa, eta garai hartan geroz eta sona handiago hartzen ari zen Mugimendu Modernoaren printzipioei erantzuten die.
DOCOMOMO plaka
2026ko Arkitekturaren Mundu Eguneko programazioa urriaren 5ean bertan hasiko da, 12:00etan, Coca-Colaren fabrika zaharraren eraikinean DOCOMOMO plaka bat jartzearekin batera. Álvaro Líbano Pérez-Ullibarri arkitektoak 1958 eta 1961 urteen artean diseinatutako eraikin hau Donostiako Errekalde auzoan dago, eta gaur egun Rekalde Berri Beilatoki-Errausketa-labea hartzen du. Mugimendu Modernoaren arkitekturak industria-arloan utzitako adibide nabarmenetako bat da.
Aitortza ekitaldian, honako hauek hartuko dute parte: Edurne Aperribay, Gipuzkoako EHAEOeko presidentea; Beatriz Alda, Rekalde Berri Beilatoki-Errausketa-labeko arduraduna; Estanislao Fernández, Gipuzkoako EHAEOeko Ondare batzordeko kidea eta Arantzazu Luzarraga, arkitekturan doktorea Arkitekturatik ondarera: Álvaro Líbanoren obratik ibilaldia izeneko hitzaldia emango duena. Ekitaldia amaitzeko, Haatik Dantza Taldeak egun horretarako propio landutako koreografia interpretatuko du. Parte-hartzea doakoa da, baina antolatzaileek aldez aurretik izena ematea eskertzen dute, Gipuzkoako EHAEOren webgunean dagoen formularioaren bidez.
DOCOMOMO fundazioa -Documentation and Conservation of building, sites and neighbourhoods of the Modern Movement (Mugimendu Modernoaren eraikinen, inguruen eta auzoen dokumentazioa eta kontserbazioa)- 1990ean sortutako nazioarteko erakundea da, eta bere helburu nagusia XX. mendeko arkitektura-ondare modernoa inbentariatzea, zabaltzea eta babestea da. Gipuzkoako EHAEO fundazio honen kolaboratzaile aktiboa da. Hori dela eta, urtero egiten du lan erakunde horrekin, Gipuzkoako Mugimendu Modernoaren arkitekturari balioa emateko xedez.
Mahai-ingurua: Oteiza eta Basterretxearen etxe-tailerra
Gipuzkoako EHAEOk Arkitekturaren Mundu Egunaren harira antolatutako bigarren jarduera Etxe-tailerraren elkarrizketak: artea, arkitektura eta memoria mahai-ingurua izango da, 19:30ean, Gipuzkoako EHAEOren egoitzan.
Topaketa Gipuzkoako EHAEO, CTOB-OBTE kolektiboa eta AHIKU-Arkitektura eta hiri kultura elkarteak antolatu dute elkarlanean, eta Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen Tailer Etxearen oraina eta etorkizuna aztertuko ditu.
Eraikinak garrantzi berezia du euskal kultura-ondare modernoaren barruan, eta etapa berri bati ekin dio, Irungo Udalak duela gutxi erosi eta hura sendotzeko urte anitzeko ekonomia-plangintza onartu ondoren.
Mahaiak higiezinaren balio arkitektonikoei, artistikoei eta kulturalei buruz, hura berreskuratzeko erronkei buruz eta Irungo bizitza kulturalera eta sozialera itzultzeko aukerei buruz hausnartzea du helburu. Elkarrizketak arkitektura, artea, memoria eta lurraldea lotuko ditu, eta ondarearen ikerketari eta dokumentazioari, haren kontserbazioari eta kultura-kudeaketari eta espazioaren, sorkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanei lotutako gaiak landuko ditu.
Topaketan parte hartuko dute Maia Darrieussecq Aranzabalek, kultur ondarearen kontserbazioan, kudeaketan eta komunikazioan aditua; Aritz González Prietok, arkitektoa eta MapOut-eko zuzendaria, XX. mendeko arkitekturaren ikerketan eta hedapenean lan egiten duena; eta Emilio Varela Froján, arkitektoa, komisarioa eta irakaslea, arkitekturaren, pentsamendu estetikoaren eta sorkuntza garaikidearen arteko harremanetan espezializatua, moderatzaile gisa ere arituko dena.
Parte hartzea doakoa da, baina aurretik izena ematea beharrezkoa da.