Gipuzkoako arkitektoak
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa Gipuzkoan

Hemen dira berriro Gipuzkoako EHAEOk Gabonetarako abiatu dituen proposamenak


2026ko azaroaren 26

Urtero legez, Gipuzkoako EHAEOk Gabonak ospatzera gonbidatzen ditu haur eta gazteak, euren sormena dantzan jartzeko bi proposamenekin.

Alde batetik, Gabonetako postalen lehiaketa tradizionalean parte hartzeko aukera zabaldu, erronka berri batekin: arkitektura edota hirigintza Gabonekin lotzeaz gain, Gipuzkoako EHAEOko batzorderen baten lanari keinu bat egin beharko zaio: Jasangarritasuna, Ondarea, Berdintasuna edo Kultura.

Bestalde, eta talde-lanean aritzea asko gustatzen zaigunez, Elkargoko sarreran jarriko dugun Gabonetako zuhaitzaren apaingarriekin laguntzera animatzen zaituztegu. Sortu zure apaingarria eta zintzilikatu gure zuhaitzean.

Eta, parte hartzeak saria duelako, parte-hartzaile guztiek opari txiki bat jasoko dute trukean! Beraz, prestatu arkatzak, margoak, guraizeak eta material birziklatuak… eta utzi hegan egiten zuen irudimenari!

Gabonetako postal-lehiaketa

Marraztea gustuko duzu? Orduan, lehiaketa hau zuretzako da! Gabonetako postal bat sortzea proposatzen dizugu, arkitektura eta/edo hirigintza gabonetako magiarekin uztartu beharko duzu. Zure sormenean sakondu eta zur eta lur utz gaitzazu zure ideiekin!

Aurten, gainera, beste erronka bat proposatzen dizugu: zure postalak Gipuzkoako EHAEOko batzordeek egiten duten lanari buruzko elementu edo erreferentzia bat izan behar dute (batzorde batena edo bat baino gehiagorena):

•Jasangarritasuna: planeta zaintzea eta mundu hobea eraikitzea.

•Ondarea: gure historia kontatzen duten eraikin eta lekuak aurkitu eta babestea.

•Berdintasuna: pertsona guztiek aukera berdinak dituzten espazioak irudikatzea.

•Kultura: arteaz, tradizioez, musikaz eta gure bizitza aberasten duten adierazpide guztiez gozatzea.

Eta beste zerbait ere badago: saritutako postalen artean bat aukeratuko da, EHAEO Gipuzkoaren Gabonetako zorion-txartel ofiziala izango dena. Horregatik, Elkargoari buruzko aipamenen bat duten proposamenak ere baloratuko ditugu, marrazkiaren, logotipoaren edo esaldiren baten bidez. Hori bai, ez da ezinbestekoa!

Nork hartu dezake parte?

Lehiaketa 0 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, bi kategoriatan banatuta:

  • Haurren kategoria: 2018tik aurrera jaiotakoak.

  • Gazteen kategoria: 2017 eta 2013 urteen artean jaiotakoak.

Zeintzuk dira sariak?

Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira: sormena sustatzen jarraitzeko marrazketa-materialez osatutako sortak.

Eta parte hartzeak saria ere baduelako, parte hartzen duten pertsona guztiek opari txiki bat jasoko dute etxean.

Apuntatu data hauek egutegian!

  • Abenduak 15 (13:00ak arte): marrazkiak aurkezteko azken eguna.

  • Abenduak 18: Webgunean irabazleen izenak argitaratuko ditugu.

  • Abenduak 29 (12:00etan): Sari-banaketa ekitaldia Gipuzkoako EHAEOean.

Nola aurkeztu zure postala?

Bi modu dituzu zure lana aurkezteko:

Garrantzitsua! Lanen balorazioa anonimoa izango dela bermatzeko, marrazkiak ez du egilearen datu pertsonalik izan behar.

Proposamen bakoitzarekin batera, bigarren dokumentu bat aurkeztu beharko da, datu hauekin:

  • Marrazkiaren izenburua.

  • Parte-hartzailearen izen-abizenak.

  • Jaiotze-urtea (Kategoria zehazteko).

  • Posta-helbidea (parte-hartze oparia bidaltzeko).

  • Harremenatan jartzeko telefono zenbakia

  • Helbide elektronikoa (lehiaketa honen inguruan sortzen diren azken berriak helarazteko).

Zure lana posta elektroniko bidez bidaltzen baduzu, gogoratu .jpg edo .pdf formatuetan egon beharko duela.

Nork ebatziko ditu irabazleak?

Epaimahaia Gipuzkoako EHAEOko Zuzendaritza Batzordeko kideek osatuko dute. Lanen kalitatea, ideien originaltasuna eta parte hartzaileen adinerako marrazkiaren egokitasuna baloratuko dute.


Gabonetako zuhaitzerako apaingarriak

Beste urte batez, Gipuzkoako EHAEOren Gabonetako zuhaitza oso berezia izatea nahi dugu: zuen sorkuntzez osatua egotea!

Elkargoko sarreran kartoizko zuhaitz bat aurkituko duzue, kolorez eta apaingarriz betetzeko zain dagoena. Hori lortzeko, 16 urte arteko haur eta gazteek etxean egindako apaingarriak ekartzera gonbidatzen ditugu, guztion artean gure zuhaitza apaindu ahal izateko.

Eskura dituzuen materialak erabiltzera animatzen zaituztegu eta, bereziki, baztertuak zenituzten eguneroko objektuei bigarren bizitza bat ematera. Aukera paregabea irudimena hegan egiten uzteko, birziklapenarekin esperimentatzeko eta apaingarri berezi eta originalak sortzeko.

Apaingarriak urtarrilaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira. Horren truke, parte-hartzaile guztiek oparitxo bat jasoko dute.

Agenda


Hurrengo ekitaldiak

26 / 11

Hausnarketa eta eztabaida jardunaldia: Auzoen berroneratzea Lekua: Agustinak Zentroa (Errenteria) Ordua: 18:00 2026ko azaroaren 26

27 / 11

Bizitza luzearen arkitektura Lekua: Donostiako Kursaala (4. aretoa) Ordua: 10:00 - 13:30 2026ko azaroaren 27

02 / 12

Etengabeko trebakuntza: REVIT. Planoen dokumentazioa 2026 Lekua: EHAEO Gipuzkoa (Frantzia pasealekua, 11 - Donostia) Ordua: 9:30-14:00 2026ko abenduaren 2